«Asko gustatzen zait telesailetan eta filmetan tabernek duten garrantzia»
'Ikusi makusi, zer ikusi?' jokoa oso presente dauka Gaizka Izagirrek (Antigua, 1984). Antzeko izena zuen blog bat izan zen abiapuntua, eta, ordutik, filmak eta telesailak gomendatzen dihardu Euskal Herriko hainbat hedabidetan, eta zenbait formatutan. 'Klaketa' bideopodcast propioa ere sortu du euskal zinema nabarmentzeko.

Zergatik aukeratu duzu TrikuHarri taberna?
Hiru arrazoirengatik. Lehenik, Parte Zaharrean eta Erdialdean euskal nortasuna duten tabernak topatzea zaila delako. Bigarrenik, Antigua delako nire bigarren etxea. Hasieran, Añorgan bizi ginen, baina gero Antiguara etorri ginen bizitzera eta hemen pasatu dut nire nerabezaroa. Nire gurasoak oraindik hemen bizi dira, eta maiz etortzen naiz taberna honetara. Eta hirugarrenik, TrikuHarrin oso ondo jaten delako.
Tabernek eta jatetxeek leku nabarmena dute zinemagintzan. Istorio ezagunen lokalizazio dira, ezta?
Bai, eta gainera aipaturiko bi munduak gustuko ditut: gastronomia eta zinema. Gustatzen zait kozinatzea, eta bereziki, jatea. Asko gustatzen zait telesailetan eta pelikuletan tabernek zein jatetxeek duten garrantzia. Baita jakiek ere. Genero batzuetan toki hauek beste pertsonaia baten antzera funtzionatzen dute. Esaterako, thriller nordikoetan badute pisu nabarmena.
Zein film eta telesail dira ezagunak taberna edo jatetxeren batengatik?
Pulp Fiction eta Breaking Bad dira bururatu zaizkidan lehen biak. Noski, askoz gehiago ere badaude, baina orain arte ez didate galdera hau egin. Bestalde, Italiako mafiaren giroetan ere jatetxeek eta sukaldaritza italiarrak leku garrantzitsua dute zineman. Horren eredu, The Godfather. Bada beste film bat ere, nahiko berria, zinema eta gastronomia oso ondo uztartzen dituena: The Menu. Telesailei dagokienez, Boiling Point eta The Bear ere nabarmentzekoak dira.
Euskal Herriko telesail askoren oinarri izan dira tabernak. Zergatik ote?
Gure nortasunaren parte garrantzitsuak direlako, eta askotan tabernetan elkartzen garelako. Goenkale telesaileko taberna eta ostatuak gogoan ditugu, pertsonaiek bezainbesteko garrantzia izan zutelako.
Euskal filmik ere bada taberna edo jatetxerik oinarri duena?
Sukalde kontuak da adibide garbiena. Beste batzuk aipatzearren, Aupa Etxebeste!, Agur Etxebeste! eta Urte berri on, amona datozkit burura. Aldiz, ikusi dudan azken euskal filmen kasuan, Faisaien irla aipatuko nuke, taberna batean gertatzen delako pasarte bat, Irungo Mosku zonaldeari erreferentzia eginez.
Lokalizazio horietan errodatzeko klaketak erabili izan dituzte. Elementu garrantzitsua zinemagintzan. Gustuko dituzu klaketak?
Bai, eta asko gainera. Etxean hiru ditudala esango nuke. Klaketa fisikoak gustuko ditut eta baita bere kontzeptua ere. Film bat errodatzen ari direnean, klaketaren soinu horrek zeharo aldatzen du aktoreen eta lantaldearen jarrera. Aktibatu egiten dira.
Noski, klaketa apropos aipatu dugu, izen hori jarri diozulako zure bideopodcastari. Zergatik erabaki zenuen egitasmo propio hau abian jartzea?
Aspaldiko asmoa izan arren, orain eraman ahal izan dut aurrera. Euskal zinemagintzari eskainitako saio bat egin nahi nuen, material asko dagoelako iraganean geratu dena, eta hori guztia berreskuratzeko. Sentsazioa dut belaunaldi berriek ez dituztela duela urte batzuk estreinatu ziren euskal filmak. Klaketa saioaren ideia, berriz, iazko udan sortu zen. Ideia banuen, baina baliabiderik ez. Orduan, On Time ekoiztetxearekin elkartu eta EITBri aurkeztu genion proiektua. Guau plataforma berrian eskaintzeko egokia iruditu zitzaien, eta aurrera egin genuen.
Beste hedabide askorentzat kolaboratzen aritu ondoren, zure saio propioa garatu eta aurkeztu nahi zenuen?
Bai, nire ametsa euskarazko zinemari buruzko bideopodcast bat egitea zen. Era berean, gustatuko litzaidake nazioarteko zinemagintzari buruzko euskarazko bideopodcast bat egitea, gonbidatuekin.
«Euskal zinemagintzari eskainitako saio bat egin nahi nuen, material asko dagoelako iraganean geratu dena»
Hain zuzen ere, Guau plataforman entzun eta ikus daitezke atal guztiak?
Hamabi grabatu genituen, eta zortzigarrena da aste honetan zabaldu dena. Koldo Almandoz zinemagilea da protagonista, eta aintzat hartzekoak dira esaten dituen gauzak.
Horrez gain, une honetan, zure gomendioak zein hedabidetan topa daitezke?
Nire egunerokoaren oinarria dira Gara, Naiz eta Gaur8. Egunero, film bati buruzko kritika idazten dut. Horretarako, zinemara hiru edo lau aldiz joaten naiz astero. Gainerakoan, Gaztezulo, Berria, Euskadi Irratia, Gaztea eta Hernaniko Kronika komunikabidetan kolaboratzen dut.
Pantailak Euskaraz plataformarekin ere baduzu proiektu berezi bat, ezta?
Bai, astean behin, euskarazko edukiak gomendatzen ditut. Izan ere, astero euskaraz bikoizten diren edo azpidatziekin estreinatzen diren eduki asko daude.
Eta noiz hasi zinen filmen eta telesailen gomendioak egiten?
Donostiako Fnac dendan lan egiten nuenean, zinemagintzari buruzko blog bat nuen, baina ez zen oso serioa. Dena dela, 2012. urte inguruan, Lander Arbelaitz kazetariak idatzi zidan, esanez Argia-n blog sare bat ari zirela osatzen, eta zinemari buruz idazteko norbait behar zutela. Ikusi makusi izena jarri nion blogari, eta horrek piztu zuen dena. Hilabete gutxira, Azkue Fundazioak antolatzen zuen blog berri onenaren saria irabazi nuen. Horri esker, beste hedabide batzuk kolaborazioak proposatzeko deika hasi ziren. Eta ordutik, gaur arte.
Urte hauetan guztietan zenbat film eta telesail gomendatu dituzu?
Hau da galderarik zailena. Ez dut zerrendarik, baina milaka direla aitortu behar dut.