Autobus geltokien konponbidea noiz iritsiko zain daude
Martuteneko Mendiburu gasolindegia zena eraitsi eta etxebizitzak eraikitzeko lanak egiten ari dira. Lursail horretan bi autobus geltokietako bat kendu, eta bestea egoera kaskarrean dagoela dio auzo elkarteak.

Ahazturiko auzoa izaten jarraitzen du Martutenek. Biribilgune zaharrarekin bueltaka aritu, berritu eta arazo hura konpondu ondoren, bestelako gabeziak sortu eta azaleratu dira. Batez ere, Mendiburu gasolindegi zaharra eraisteko lanak hasi zirenetik. Sei solairuko etxebizitza bloke bat eraikitzeko, lursail osoa hesitu zuten. Ondorioz, eremu horretako bi autobus geltokietako bat kendu dute, eta mantendu dutenaren egoerak okerrera egin du.
Sarroeta auzo elkartea kezkatuta eta arduratuta dago Martuteneko autobus zerbitzu publikoak izan duen gainbeherarekin. Goizueta kaleko geltokia kendu eta 26 linearen maiztasuna murriztu ondoren, Martuteneko pasealekuko geltokien zerbitzua nabarmen kaltetu dutela ohartarazi dute. «Gasolindegia kentzean, lursail pribatua izanik, bi geltokien etorkizunari buruz galdetu izan diogu udalari, behin eta berriz. Baimen batzuen zain zeuden lursailaren jabeak, eta udalak bazekien epe laburrean lortu eta lanekin hasiko zirela. Ordea, aurreikuspenik gabe jokatu dute, eta horren ondorio dira harturiko erabakiak», azaldu du Maite Barron auzo elkarteko presidenteak.
Gasolindegia zenaren eremua hesitu eta lanak hasi orduko, geltokietako bat kendu zuten. «Konturatu ziren geltoki hori ezin zela mantendu, zerbitzua eskaintzeko tokirik ez zuelako», adierazi du Barronek. «Horren aurrean, egun batzuk eman genituen udalaren eta Dbusen atzetik, azalpen eske. Informazio desberdina eman ziguten. Kaos bat izan zen, aipaturiko aurreikuspen faltagatik», gaineratu du. Lanak hasi eta astebetera, Dbusek harturiko azken erabakien berri eman zion auzo elkarteari. «Udalarekin hala adostuta, 41 linea Goizueta kalera mugituko zutela esan ziguten. Hau da, bere garaian kendu ziguten geltokia. Horrekin batera, baieztatu ziguten 26 lineak bi geltokietako bat galduko duela, eta soilik auzoaren erdialdean dagoena mantenduko dutela», esan du Barronek.
26. autobus linearen maiztasuna murriztu ondoren, Martutene pasealekuko geltoki bat kendu dutela ohartarazi du auzo elkarteak
Bi autobus linea
Martuteneri zerbitzua eskaini eta auzotik pasatzen diren Dbusen bi autobus linea daude: 26. Amara-Martutene eta 41. Gros-Egia-Martutene. «Bietatik soilik 41 lineak mantenduko ditu bi geltokiak. Dena dela, 26 linea da erabiliena, Erdialdera doana eta duela gutxi maiztasuna murriztu diotena. Hori gutxi balitz, orain, geltokietako bat galduko du. Auzoaren erdialdetik Astigarragarantz bizi diren biztanleak kaltetuko ditu», deitoratu du Barronek.
Gasolindegi zaharra zenaren alboan geratu den geltoki bakarraren egoera kaskarrarekin keztatuta daude auzotarrak. «Herdoilduta dago, pintura urratua dauka, torlojuak solte ditu eta sabaia erori egiten da haize asko egiten badu. Orain, pasealekuaren zati bat hesitu dutenez, espaloiaren zati bat desagertu da eta geltokian jende asko pilatzen denean, ez dago denentzako lekurik zain egoteko. Ondorioz, ilara luzatu eta herritar askok errepiderantz egiten du, eta hori oso arriskutsua da», nabarmendu du Barronek.

Martutene pasealekuko geltokietako bat kendu dute; soilik autobusak gelditzeko tokia mantendu dute.Inaxio Esnaola
Duela hilabete inguru, auzo elkartea Donostiako Udaleko Partaidetzako zinegotzi Mariaje Idoetarekin eta Amaia Agirreolea teknikariaren elkartu zen. Besteak beste, egoera kaskarrean dagoen geltokiaz aritu zirela dio Barronek: «Esan ziguten plataforma moduko bat jarriko zutela geltokia luzatzeko. Denbora pasatu da, eta oraindik plataformarik ez dago. Egoera zaila da, eta, orain, are zailagoa».
Auzotarrak nahiko haserre daude 26. linearekin gertatzen ari denarekin. «Gaizki planifikatu dute eta irtenbideak oso eskasak dira. Gainera, zerbitzua ere defizitarioa da. 26. lineako autobusarekin 30-35 minutu behar ditugu Erdialdera iristeko. Maiztasuna gutxitu dutenez, autobus asko beteta joaten dira», azaldu du Barronek.
Hirugarren autobus linea
Sarroeta auzo elkartearen bulegoa asteazken arratsaldetan irekitzen dute, eta auzotar askoren kexak autobus zerbitzuaren ingurukoak dira. Era berean, bada hainbat herritarrek luzatu dieten eskaera bat. «31. linea Martutene barrutik ere pasatzea nahi dute. Garberara eta ospitalera doana da, eta linea hori erabili ahal izateko Amaran egiten dugu autobus aldaketa. Gainera, aldaketa egitean ez dugu hobaririk, bi aldiz ordaindu behar dugulako. Hori onartezina da. Jakin dugunez, 31. linearen eskaera Txomiñeneko eta Loiolako bizilagunek ere mahai gainean dute», azaldu du auzo elkarteko presidenteak.