Egia (izan dadin) Bizipozaren Herria
Elkarte mordoak bat egin du igande honetan Egian, aniztasunaren festa berezi bat egiteko. Bizipoza elkarteak dinamizaturik, auzoko dozenatik gora elkarte eta Euskal Herriko beste hainbeste batuko dira. Blas de Otero plazan zen egitekoa, «auzoarentzat espazioa berreskuratu» asmoz, baina eguraldiaren iragarpena dela eta, Aitor Ikastolan izango da. Leire Elizegi, Libe Biain eta Garazi Zarautz aritu dira antolakuntzan.

Ezaguna da duela hamarkada batzuk Egian sortutako kantu herrikoiaren leloa: «Es en Egia donde reina la alegría!». Euskaraz esan genezake, «Egia dela bizipozaren herria». Eta itzulpenak zale asko ez dituen arren, igandean, ikusiko dugu Bizipozaren auzoa bihurtuko dela. Izan ere, aniztasunaren aldeko Bizipoza Eguna ospatuko dute Egian igandean. Ia 40 dira egitasmora batutako Egiako erakunde eta gizarte eragileak.
Hilabeteko lanaren ondotik pozik azaldu da Leire Elizegi Bizipozako kidea: «Egiakoek proposatu ziguten bertan egitea lanketa, eta esperientzia aberasgarria izan da». Buru-belarri ibili dira azken hilabeteotan lanketa eginez.
Bizipoza Egian
Elizegik azaldu duenez, Euskal Herri osoko elkarteek osatutako proiektu bat da Bizipoza. 38 elkarte batzen ditu, izaera berezia duten gaiak lantzen dituzten haur eta familiek osatutako 38 elkarte: «Hainbat eskubide betetzeke dituzten haur eta familiak dira».
«Euren artean ezberdinak diruditen arren», bizipozaren aterkipean denek «helburu berdinak» dituzte: «Familia eredu ezberdinak, gaixotasunen edo sindromeen inguruan lan egiten dutenak, identitatearen inguruan dabiltzanak, nazioartean lan egiten dutenak…» . Horiei ikusgarritasuna eman, eta elkar ezagutu asmoz, hainbat urtez herriz herri ibili dira proiektua lantzen. Oraingo honetan, Egia auzoan.
Libe Biain Antxeta Ttan Ttakuneko kidea hasieratik dago egitasmoan: «Lehenengo bilera lehengo urteko ekainean izan zen. Egia Zeinukako kide batek Hernanin iaz ospatutako Bizipoza jaia ezagutu zuen, eta, bilera bat antolatu genuen Aitor Ikastola, Lauaizeta, Antxeta eta Egia Zeinukako kideek. Eragile gehiago batzen joan ziren: Maria Reina eta Presentacion de Maria ikastetxeak, musika eskola, eskubaloi taldea…».
Hasiera hartan, Bizipoza ezagutzera eman, eta arratsalde batean jarduera batzuk egitea zen asmoa, baina, azkenean, hainbat hilabeteko prozesua eta egun osoko egitaraua osatu dute. Eta, garrantzitsuena. Auzolanean eta elkarlan oinarri duen egitarau zabala: Egia Zeinukakoek interpretazioa eskainiko dute egun osoan zehar, casteller tailer irisgarri bat egingo dute; Ongi Etorri Eskolarak arrazakeriaren kontrako busa egingo du; Guztiontzako Egiak henna eta ile apaindegia; Txoko Berri jubilatuen elkarteak postua jarriko du; Sexunek karpa bat eta tailer bat; Haurralde fundazioak tailerra; SOS Arrazakeriak txapa tailerra…
«Elkarte ezberdinak izan arren, batuta indartu
egiten dira, helburuak berdinak direlako»
Irisgarritasunak garrantzi berezia izango duela azaldu du Biainek. Egian, «betiko» borroka bat izan da, auzo malkartsua izanik, eskailera eta igogailuek garrantzia berezia baitute. Hain zuzen ere, Egia Bizirik auzo elkarteak urteak daramatza Kata taberna alboan dauden eskaileretan igogailu bat jartzeko eskatuz. Honela, igandeko egunari amaiera emateko, eskaileretako igogailuaren inaugurazio ekitaldia antzeztuko dute. «Alkatea» bera ere egongo dela ziurtatu dute.
Elkarteen festa
Garazi Zarautz, Ongi Etorri Eskolara elkarteko kidearen ustez, prozesuaren gako garrantzitsuenetako bat izan da elkarteen arteko saretzea izan da: «Bizipoza Ekimena ere bada modu bat gure artean saretzeko. Erritmoek eta denborek zaila egiten dute egunerokoan, baina zaila da. Honek aukera eman du gure artean elkartu eta zerbait amankomuna sortzeko. Auzo guztietan dago elkarte mordoa, baina Egian, bereziki, badago indar handia. Palanka bat izan daiteke hau, denon artean auzoan bestelako errealitate bat sortzeko». Gaineratu duenez, «jai baten bueltan izatea interesgarria da, baita ere. Elkarteetatik egiten dugun lana, askotan, errutinaren parte da… Errealitate eta beharrak gordinak baitira».
Egiako elkarte guztiez gain, Bizipozako hamaika elkarte izango dira igandean: Aspanogi, haur minbizidunen gurasoen elkartea; Naizen ume transexualen elkartea; Gipuzkoako kirol egokituen federazioa; Kale Dor Kayiko, ijitoen elkartea; Pausoka elkartea; Ume Alaia, adopzioaren inguruko elkartea; Ndank Ndank Bergara inguruan Senegal-Euskal herria lanketa egiten duen elkartea; Ilargi elkartea, heriotzaren gaia lantzen dutena; Bihotzez elkartea, sortzetiko kardiopatia duten haurren elkartea eta Ethiopia-Utopia eta Oporrak Bakean egitasmoak.
«Jendea sentsibilizatzeaz gain, jendea aktibatu eta inplikatu nahi dugu;
ikustea denon ardura
dela gai hauei heltzea»
Horri lotuta, Zapotxin, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna ez da «ohiko» ikuskizuna izango: «Jaiari begirako dantza eta kantu ikuskizuna da. Ikuskizunaren parte izango dira elkarteak, eta haiek egiten duten lana ezagutzera emango diete», kontatu du Elizegik.
«Intersekzionalitatea»
Horrenbeste elkarte izanda, gai ezberdinen «saltsa» dagoela dirudi. Elizegik uste du, ordea, «indargune» bat dela hori: «Hain gai ezberdinak izanik, nola osatzen dute elkar? Elkarteen beraien erantzuna da ‘alderantziz’. Proiektu txikiak, handiak, bata bestearengandik desberdinak… elkar elikatu egiten dira. Batuta indartu egiten dira, helburuak berdinak direlako». Gaiak ezberdinak izan daitezkeen arren, azkenean, egunerokoan dauden zailtasunak eta trabak «berdinak» direla uste dute.
Zarautzek ere iritzi bera du: «Elkarte bakoitza aditua da bere gaian, intersekzionalitatea da helburuetako bat. Beharrezkoa da denon artean indarrak batu eta adostea zer norabide hartu behar dugun».
Honela, elkarteek dituzten erronkei auzo moduan erantzun bateratua emateko bidea dela uste du Zarautzek: «Azken urteotan eztabaida ugari piztu dira auzoan, arrazakeriaren eta kultur aniztasunaren ikuspegitik. Pil-pilean daude eta gatazkak piztu ditu auzoan. Garrantzitsua da mahai gainean jartzea geure ikuspegia; geure artean eta bizilagunekin».
Joera erreakzionarioak auzoan handitu izana nabaria dela uste dute —azken adibidea, EHGAMen eta Wohouren kontrako pintaketa faxistak—. Horregatik, jaialdi honen helburua ez da soilik ondo pasatzea: «Jendea sentsibilizatzeaz gain, jendea aktibatu eta inplikatu nahi dugu. Konfort egoeratik atera, xaxatzea eta ikustea denon ardura dela gai hauei heltzea».
Honela, «aterki» berean daude, behar antzekoak dituztelako: ezjakintasunari eta aurreiritziei aurre egitea. Berdin mugikortasun arazoak edo jatorri ezberdinak… sentsibilizazio lana eta ikusgarritasun lanak batzen ditu eragileok. «Txikiak gara, baina elkarrekin beste bozgorailu bat sortu dezakegu», dio Elizegik.
Bizipoza Eskola
Bizipoza jaiaren atzean, ordea, bada askoz ere sakonagoa izan den prozesu bat: Bizipoza Eskola. Duela hiru bat urte hasi ziren lantzen erreminta pedagogiko hau hezkuntza formalean, informalean eta herrigintzan lanketa egiteko.
Tresna honek aniztasuna lantzeko hamaika baliabide eskaintzen ditu, eta Euskal Herrian zehar zabaltzen dihardute. Egian ere behar bezala landu dute: «Irakasleak lanez gainezka daude, eta, batzuetan, ez da erraza gai batzuei heltzea». Bizipoza Eskolari esker, beraz, tresnak eskaintzen zaizkie minbizia duen haur baten edo beste herrialde batetik datorren haur baten errealitateak eskolan modu inklusiboan lantzeko.
Azken hilabeteotan, Egiako Aitor Ikastola, Lauaizeta, Presentacion de Maria eta Maria Reina ikastetxeetako irakasleei Bizipozaren materiala ezagutzeko eta lantzeko aukera eman zaie, eta, aurrera begira tresna berriak izango dituzte gai ezberdinak lantzeko.
Baina umeei ere zuzendu zaizkie, noski, eta Porrotx eta Zapotxin pailazoak ikastetxe guztietako ikasleekin izan dira, Bizipoza zer den erakusten, eta aniztasunaren inguruko lanketa egiten.
Ikastetxeen arteko elkarlana
Ikastetxeen arteko lanketa honi izugarrizko garrantzia eman diote hiru solaskideek. «Lau ikastetxeak elkarrekin izan dira egitasmo berean, eta elkarrekin ospatu genuen Bizipozaren festa apirilaren 11n», azaldu du Biainek. «Aitor Ikastolak eta Lauaizetak joera handiagoa dute auzoko egitasmoetan parte hartzekoa, baina guk Maria Reina eta Presentacion de Maria ikastetxeak egotea ezinbestekoa zela ikusten genuen, orain arte inoiz ez delako guztien arteko elkarlanik izan. Oso aberasgarria izan da».
Ikastetxe hauen errealitatea oso desberdina da, eta jatorri atzerritarreko ikasle kopurua handiagoa izanik, badituzte bestelako erronkak: «Karaokean, adibidez, euskarazko abestiak ziren soilik, eta ikasle batzuek ikasita ekarri zituzten etxetik. Bi ordu soilik egongo zirela esan zuten, baina azkenean, goiz osoa geratu ziren. Oso polita izan zen», oroitu du Biainek.
«Lehenengo aldia izan da Aitor Ikastola,
Lauaizeta, Maria Reina eta Presentacion de
Mariarekin zerbait antolatzen dugula.
Oso aberasgarria izan da»
Une bereziki «hunkigarria» izan zen Lauaizetako EUSLE taldeko ikasleek (kanpotik etorri berri diren ikasleak), euskaraz ikasteko egin zuten apustua adierazi zutenean. Pakistan, Senegal, Honduras eta Ukrainatik iritsi berri ziren kideek euskaraz agurtu zituzten ikasle taldeak eta euskaraz ikasten jarraitzeko konpromisoa adierazi zuten. Kideen txalo eta animoak ere jaso zituzten.
Egindako jaia, beraz, «prozesu guztiaren amaiera izan zen». Ondo errotu daitekeela uste dute egitasmoko kideek. Jaiaren bukaeran honela zioten eta haurrek: «Hau guztiek esaten zuten: hurrengo urtean berriro egingo al da?»
Ongi Etorri Eskolara
Festa eta aldarrikapenen artean, omenaldia egingo diote Ongi Etorri Eskolara egitasmoari. «Auzoan kultur aniztasuna lantzen duen elkarte garrantzitsuenetako» bat dela uste du Biainek. Izan ere, hainbat herritan lanean ari den arren, Aitor Ikastolan sortu zen.
Zarautzek azaldu duenez, Familia Laguna proiektuko kideak izango dira protagonistak, eta haiek botako dute txupinazoa.
Zarautzek gogoeta egin du Bizipozak egindako ekarpenaz: «Lorpen bat izan da ikastetxe guztien artean zerbait amankomuna egitea. Banaketa handia ematen da egunerokoan: bai bertara joaten diren familia eta ikasleen artean, eta baita auzoari begira ere».
Ongi Etorri Eskolarak ikastetxeka egiten dugu lan, eta “muga” batzuk badaudela uste du: «Segregazioa eta banaketak» daudelako. Ikastetxeetatik atera, eta jarduera komunitarioak eraikitzea ezinbestekoa dela uste du Zarautzek, eta, orain arte, Egian, denek elkarlanean egin izana ez da posible izan, arrazoi ezberdinengatik.
«Auzoa da elkargunerako tokia, familiak nahasteko espazioa. Ordea, auzo berean bizi arren, bizilagunak izan arren, familien artean banaketa ematen da», azaldu du: «Ez dugu elkar ezagutzen. Banaketa izugarria dago, eta horrelako ekintzekin gainditu dezakegu».
Euskara Muga?
Jatorri ezberdinetako pertsonekin lan egiterako orduan, euskara «muga» izan daitekeela uste du herritar askok. Bizipozako kideentzat, ordea, «indargune» bat da: «Hizkuntzak batu egiten gaitu».
Elizegiren ustez, euskarak beste elkarteek dituzten ezaugarri berak ditu: «Hizkuntza txiki bat, eskubideak betetzeke dituenak, egunerokoan borrokatu behar duena… Honela, errealitate ezberdinen artean enpatia hori sortzea errazagoa da. Gai hauek guztiek asko ematen diote euskarari, eta euskarak ere errealitate hauei guztiei».
Egitasmoa ahalik eta anitzena izateko asmoz, xuxurlariak egotea beharrezkoa izaten da, eta zalantzarik ez, «behar denean» egoten dira. Euskara, honela, zubiak eraikitzeko tresna bilakatzen ari dira Egian.
Ertzak Erdigunera
«Ertzetan dauden gai horiek guztiak erdigunera ekartzea». Hori da igandean Aitor Ikastolaren patioan ikusiko duguna: «Eragile eta gai guztiei plaza eskaintzea eta zentroa eskaintzea». Baina ez hemen bukatzeko: aurrera egiteko baizik.
Egian indarra badagoela argi geratu zaiola dio Elizegik: «Lasartearra naiz ni, eta banekien, baina orain, gertutik ezagututa, are argiago dut: zelako indarra dagoen Egian! Auzo bizia da, eragile ugari eta gogo izugarria gauzak egiteko». Egia, beraz, el reino de la alegria–tik bizipozaren herrira igaroko da, igandean eta, espero dezagun, igandetik aurrera.