Etxe honetan, Wohourekin bat

Joan den astean, enegarrenez egin zioten eraso Wohou artistaren horma irudi bati —EHGAM erakundearekin batera egindako muralari, hain zuzen—. Svastika naziak margotu eta «degeneratu» hitza idatzi zuten faxistek. Inork esan dezake hori ez dela faxista talde bat, pare bat zoro besterik ez direla. Nik ere horixe pentsatzen dut. Pintaketa egin zutenak bi zoro direla, eta dozenaka eragileren izenean agertzen diren pegatinak ere pare bat lagunek eginak direla. Eta ez dutela irauteko indar askorik. Berdin LQNTCDD taldean esaten diren astakeriak. Indarrik ez duten zoro batzuk besterik ez direla. Antzekoa pentsatu nuen Jair Bolsonaro eta Donald Trumpen eta Elon Musken inguruan, bere garaian.
Zoroen kopuruaz gain, harritzen nauena da zein tolerantzia ari den garatzen intoleranteekiko. Non daude bakearen aldeko keinuak? Non biolentziaren kontrako politikari asaldatuak? Zergatik udaleko alderdiek ez dute ezer esaten gertakari hauen inguruan? Onargarriaren muga aspalditxo pasatu dute, eta Wohouk berak argi esan moduan, argi izan dezagun: hau gerra bat da. Bizitza dugu jokoan.