Euskarari emandako bizitza, eta gehiago
Amale Arzelus donostiarra irratian euskaraz hitz egin zuen lehen emakumezkoa izan zelako da ezaguna, baina beste gauza batzuk ere egin zituen bere bizitzan. Horietako asko, 'Arzelus Arrieta’tar Amale. Nere oroimenak' liburuan jaso ditu bere seme Jon Andoni Zinkunegik.

«Nere bizian gauza asko ikusi eta jasan bear izan ditut. Ez naiz ni bakarra, eta nik baino geiago esan dezaketenak ere badira noski, baina nere inguruan gertatutakoak jakingarriak dirala derizkiot eta nere aletxoa jartzen ausartu naiz, ausartegia ote naiz? Irakurleak esan bearko du ori, irakurlerik baldin badet beintzat!». Hala dio Amale Arzelusek (Donostia, 1924-2012) Nere oroimenak lanaren lehen lerroetan.
Inori haren berri eman gabe, 88 urterekin idatzitako testua ordenagailuan idatzita utzi zuen, bi urte lehenagoko Nere ekintzak idatziarekin batera. Norbaitek irakurriko ote zuen ez zekiela dio, baina bere seme Jon Andoni Zinkunegiri esker, irakurle asko izango ditu. Lehenak senideak izan ziren, eta hemendik aurrera, Sabino Arana Fundazioak argitaratu duen liburuari esker, Arzelus gehiago ezagutu nahi duen edonor ere. Irratian euskaraz hitz egin zuen lehen emakumezkoa izan zen, 8 urte besterik ez zituela, baina horren ondoren ere ez zen geldirik egon: poxpoliña, antzezlea, esataria, andereñoa, idazlea, ama… Gauza asko izan zen Arzelus.
Bere heriotzaren hamargarren urteurrenean, 2022an, senideek orri pila aurkitu zituzten, «berak utzitakoak, berak egindako lanak, bere aitarenak, Ander Arzelus Luzear-enak, eta aitaginarrebarenak, Joseba Zinkunegirenak», kontatu du Zinkunegik. Denak hartu eta digitalizatu egin zituen, eta hala, gauza pila topatu zituen. Horiekin zer egin zezakeen pentsatuta, hiru liburuxka atondu, bana bakoitzari eskainia, eta sendian zabaldu zituen.
Kontatuak eta ahaztuak
2023an, berriz, jabetu zen urtebete geroago amaren jaiotzaren mendeurrena osatuko zela eta, «amaren garaitik» harremana duen Sabino Arana Fundaziora jo zuen. «Kontatu nien zerbait egin nahi nuela 2024an, ospatzeko; eta hango arduradunak, Marian Morenok, liburu bat egin genezakeela esan zidan. Aukera hobeagorik ez zen». Horren emaitza da Arzelus Arrieta’tar Amale. Nere oroimenak lana.
Gehienbat, Arzelusek, inori ezer esan gabe, ordenagailuan utzitako bi lantxoak baliatu ditu. Zirriborroak direnez, orraztu, eta horiei gehitu dizkie amaren beste jarduera batzuk, «berak ez zuena kontatzen, ez zelako gogoratzen edo ez ziolako garrantzirik ematen», baita gerora bere senarra izango zen Andoni Zinkunegirekin 1944-1948 artean trukatutako gutunetan zeuden zenbait gauza edo hainbat liburu eta egunkaritan agertutako idatzietakoak ere; eta hori guztia argazkiekin hornitu zuen. Euskarazkoa da jatorrizkoa, eta gaztelaniazkoa, beste bertsio bat; ez da itzulpena.
Antzezle eta esatari
1924ko otsailaren 19an jaio zen Hondarribia kalean, giro kristau eta abertzalean. Aita, ‘Luzear’, eta ama, Amalia Arrieta, donostiarrak zituen. Txurruka kalean zegoen Arantzazuko Ama ikastetxera joan zela kontatzen du liburuan, garaiko giroa azalduz, esaterako, auto oso gutxi zebiltzala. Jende aurreko lehen agerraldia 4 urte eta erdirekin egin zuen, edo adin horrekin behintzat egin zuela badakite. «Berak ez du oroitzen hori. Aurrerago izan zela dio bere oroimenetan. Orritxo batean horren berri izan dudalako dakit», argitu du Zinkunegik. Ondo gogoratzen zuen, aldiz, Poxpolinetan ibiltzen zela eta hitzaldiak ematen zituela. «Batzuetan, antzezten zituen bere aitak idatzitako lantxo batzuk edo hitz egiten zuen beste umeei esanaz euskaraz zergatik egin behar zuten: euskaraz hitz egiteko, euskaraz jolasteko… Horrelakoak kontatzen zizkien bere hitzaldietan».
«Denetarik izan zen. Denbora ez dakit nondik ateratzen zuen. Beti presaka zebilen gauzak egiteko. Ez dakit nola egin zezakeen dena»
Luzearrek eta Joseba Zubimendik astero ordubeteko saio bat egiten zuten euskaraz Donostiako Union Radio irratian. Aitak sartu zuen saioan beste pertsonaia baten moduan, eta hark idatzitakoak irakurtzen zituen Amalek. Hala, 1932ko martxoaren 2an, irratian euskaraz egin zuen lehen emakumezkoa izan zen. 1934an, gobernuak debekatu egin zuen saioa, eta gutxira, gerra iritsi zen. Orduan, lehenik, Bilbora, eta handik Ipar Euskal Herrira joan ziren. Bere idatzietan dio haurtzaroko urteak, guda aurrekoak, bizitzago garairik onenak izan zirela, gauza txarrekin ez baitzen jabetzen eta on asko zituelako. Donostiara bueltan, lanean hasi behar izan zuen eta Elbira Zipitriarekin andereño lanetan aritu zen.
Aitaz harago
Bere bizitza oso lotua egon zen aitarenari, nahiz eta 25 urte besterik ez zituela hil zen. «Ez zuen sekula ahaztu harengandik ikasi eta jasotakoa», eta oso presente dago idatzietan. Are gehiago, hortik aurrerakoak «lau lerrotan», jaso zituen. «Konturatu nintzen bere oroimenetan ez zirela agertzen berak egindakoak. Berak bi lerrotan dio: nik bederatzi seme-alaba eduki nituen, ikastola jarri nuen, ez dakit zenbat biloba izan nituen, eta kito. Ez du ezer kontatzen». 1949tik ondorengoak, beraz, Zinkunegik gehitu ditu; eta ez dira gutxi: etxe ikastola garaiko bizimodua, politika arloan egindakoak, euskararen aldeko lan guztiak edota presoen jarduerei buruzkoak.
1968a arte ikastola izan zuen etxean, eta legeztatu zirenean, adinekoei irakasten jarraitu zuen. Bere aitak Burgoseko espetxean prestatutako metodo batekin ematen zituen eskolak —oraindik ere jatorrizkoa eta kopiak gordeta dituztela dio Zinkunegik–, eta irakasteari utzi zionean, Euskarazaintzan sartu zen. Euskarari lotutako lanarengatik zenbait omenaldi egin zizkioten, eta berak haiei aipamenik egin ez arren, liburuaren azken partean jasota daude.
Amari buruzkoak ezagutarazi ditu Zinkunegik, eta bidean, berak ez zekizkienak topatu ditu ere. Amaren zerbait nabarmentzekotan, «ez zela geldirik egon» aipatu du. «Ama, andereñoa, amona, etxekoandrea, abeslaria, antzezlea… Denetarik izan zen. Denbora ez dakit nondik ateratzen zuen; beti presaka zebilen gauzak egiteko. Ez dakit nola egin zezakeen dena», aitortu du.