«Gentrifikazioa gertakari eztabaidaezina da Donostian»: erdiguneko auzoetan biztanleria behera egiten ari da

“Gentrifikazioa existitzen da. Errealitate bat da gure hirian”. Halaxe adierazi zuen Juan Karlos Izagirre EH Bilduko zinegotziak atzo prentsarekin izandako gosari informatiboan. Koalizio soberanistak hainbat proposamen aurkeztu ditu, hiriaren etxebizitzaren arazo larriari irtenbide bat eman asmoz. Egoeraren analisia egiteko, datu mordoa erabili dute, eta, horietako bat, auzoetako migrazio-saldoa aztertzea izan da.
Izagirrek egindako balorazioaren arabera, “Gentrifikazioa gertakari eztabaidaezina da Donostian” eta etxebizitzaren prezioarekin lotu du fenomenoa. “Eskuraezintasun” horren ondorioz, “4.000 gazte donostiar joan egin dira beren auzo edo hirian emantzipatu ezinagatik”.
Azaldu duenez, nahiz eta etxebizitzaren eskaintza handitu den —azken urteetan %45 handitu da eraikitako etxebizitza—, eskaria “esponentzialki” hazi da: “Une honetan 13.000 eskatzaile daude etxebizitza babestuetarako, eta horietatik 9.000 dira hirian erroldatutako eskatzaileak”.
Erosketa eta alokairu-prezioek gora egin dute etengabe. Hala, ‘gero eta etxebizitza gehiago, orduan eta prezio baxuagoa’ ustea faltsua dela frogatu da. Gaur egun, etxebizitzaren prezioa 6.000 euroan dago m2a erosketan eta 18 euroan m2a alokairuan.
Grafiko adierazgarri bat eskaini du koalizioak auzoz auzoko erroldarekin. Oro har, biztanle kopurua jaitsi ez bada ere, fenomeno hori argi ikusten da auzo jakin batzuetan, hala nola Grosen, Parte Zaharrean eta Erdialdean.
Hain zuzen, argi ikusten da etxebizitzaren prezioa handiagoa den auzoetan, behera ari dela egiten bizilagun kopurua. Horrek esan nahi du, etxebizitzaren prezioak mugatu egiten duela sarbidea, baina, baita ere, etxe horiek erosten direla bestelako helburuekin. Turismora bideratuz edo bigarren etxebizitza gisa erabiltzeko, adibidez.