Gillotinarik izan al zen Plaza Berrian?
Konbentzio gerraren garaian, hiria frantsesen menpe zegoela, Plaza Berrian tresna hori jarri eta baliatu zutela dioen legenda bat bada. Asmatua den edo ez, ez dago argi. Garaiko zenbait dokumentutan aipatu arren, erabilerari lotutako datu faltak kolokan jartzen du.

Donostia suntsitu zutenean, hirian tropa frantsesak zeudela jakina da; baita garai horren aurretik okupatu zutela ere. Bi hamarkada lehenago, Frantziako Konbentzio Nazionaleko soldaduen menpe egon zen eta garai beldurgarria izan zela diote historia liburuek. Zenbait dokumentutan Plaza Berrian gillotina bat jarri zutela ere jasota dago. Erabili ote zuten, ordea?
1793ko urtarrilaren 21ean Luis XVI erregeari lepoa moztu ondoren, martxoan, Espainiak gerra deklaratu zion Frantziari, Konbentzio guda hasiz. Gudaroste boluntarioak sortu ziren, baita Gipuzkoan ere, eta 22.000 gizonezko tropa jarri zuten Ventura Cano jeneralaren agindutara. Frantzian sartu ziren, kostata, baina etsaia ugariagoa zela ikusita, atzera egin zuten. Konbentzioaren aldekoek Bidasoa zeharkatu zuten, eta 1794ko abuztuaren 4an, herriak amore eman zuen. Moncey jeneralarekin batera, Konbentzio Nazionaleko bi ordezkari, Jacque Pinet eta Jean Baptiste Cavaignac, etorri ziren Donostiara, eta izua zabaldu zuten harresien barruan.
Juan Maria Peña Ibañez kazetariak Del San Sebastián que fue liburuan dioenez, auzotarrak beldurtzeko, Pineten aginduz jarri zuten gillotina plazan, Donibane Lohizunetik ekarritako materialarekin. Bitan soilik erabili zuten, Moncey jenerala aurka zegoelako, antza: gaixo egonda ihes egin ezin izan zuen apaiz etorkin batekin eta armadako desertore batekin. Errepublikako guardiak plazan lerrokatuta zeudela jaitsi zuten orria eta Marsellesa gisa ezagutuko zena entzun zen.
Jose Javier Pi Chevrotek, aldiz, zalantzan jarri zituen gertakariak 2023an argitaratutako ¿La guillotina estuvo o no en la Plaza Nueva? lanean. Bere ustez, legenda hori Pinetek zuen odolzale eta gupidagabe ospe beldurgarriaren ondorio da, izan ere, Landetan, Hossegor edota Baionan ezarri baitzuen aurretik. 1801eko liburu frantses batean topatu zuen herriko gillotinari aipamena, baina ez dio ez zenbat denboraz ezta baliatu zuten ere. Ez da artikulu bakarra, baina daudenek beharrezko oinarri dokumentalik ez dutela dio, eta garaiko dokumentu ofizialetan erreferentziarik ez du aurkitu.
Hori da egilearen kezkaren sorburua: Erabiltzeko asmorik ez bazuen, zertarako jarri? Eta erabili bazuten, zergatik ez dago exekutatuen edo epaiketen daturik? Gillotinarik izan zen argi ez badago, burua galdu zutenei buruzkoak, zer esan. Izatekotan, bi izan zirela dirudi, baina nortzuk ziren aldatzen doa: apaizak, etorkin frantsesa, desertorea… Baina data edo iturririk gabe.