Julen Olaizola saskibaloi jokalari donostiarra omenduko du Gipuzkoa Basketek

Saskibaloia uztea erabaki du Julen Olaizola saskibaloi jokalari donostiarrak. Hori dela eta, Gipuzkoa Basketek omenaldi berezia egingo dio gaur, Illunben. Donostiako taldeak liga erregularreko azken partida erabakigarria jokatuko du Ourenseren kontra, 21:00etan. Galiziarrak mendean hartzen badituzte, ACB ligara igotzeko kanporaketak jokatuko dituzte. Bestela, beste emaitzen araberakoa izango da.
Olaizola neurketaren atsedenaldian omenduko dute. Donostiako Easo taldean hasi zen saskibaloian, baina 2007-2008ko denboraldian Real Madrilera joan zen. Kadete eta gazte mailako taldeetan aritu zen. Dena dela, 2011-2012ko denboraldian Euskal Herrira itzuli zen Gipuzkoa Basketen aritzeko. Ordea, hasieran utzita jokatu zuen Azpeitiko Iraurgi taldearekin. Horrela ere, Gipuzkoa Basketek denboraldi hartan bertan aukera eman zion ACB ligan debuta egiteko, eta, guztira, sei partida jokatu zituzten. 2012-2013ko denboraldian Gipuzkoa Basketeko jokalari gisa egonkortu zuten, eta 2016-2017ko denboraldira arte aritu zen Donostian.
Gerora, beste hainbat taldetan aritu zen Olaizola: Murtzia, Lleida eta Real Canoe. 2019-2020 denboraldian Gipuzkoa Basketera itzuli zen, eta taldearekin batera ACB ligara igo zen. 2020-2021eko denboraldian Donostian geratu zen, eta hura izan zen azkena. Ordutik, Caceres eta L’Horta Godella taldeekin jokatu du.