Mausoleo frankistako gurutzea botatzeko eskaera, bide judizialetik
Donostiako Udalean eskaera ofiziala egin eta erantzunik gabe gelditu ostean, Polloeko mausoleo frankistako gurutzea bota dezatela eskatzeko bide judiziala abiatu du Gipuzkoako CNTk. Mausoleoan lurperatutako milizianoak omentzeko, elkarretaratzea egingo dute bihar mausoleoan bertan, 12:00etan.

«Gure kideak ezin badituzu hortik atera, ondorioa, argi eta garbi, da gurutze hori kendu beharra dagoela». Gipuzkoako CNTko Borondate Ona memoria historikoko taldekide Mikel Iparragirreren hitzak dira, Polloe hilerriko mausoleo frankistaren ingurukoak. Izan ere, erakunde publikoek mausoleoaren esanahia ofizialki aldatu bazuten ere, sindikatu anarkistak argi dauka hori ez dela nahikoa bertan euren borondatearen kontra eta militar eta polizia frankisten aldamenean lurperatuta dauden miliziano antifrankisten memoria eta duintasuna bermatzeko.
2022ra arte frankistak goraipatzen zituen plaka bat zuen gurutzearen atzean hainbat hilobi daude, militar eta polizia frankista ugariren gorpuzkiak dituztenak, euren izen-abizenekin. Aranzadi Zientzia Elkarteak mausoleoari buruz egindako ikerketari esker, ordea, bertan identifikatu gabeko 80tik gora gorpu zeudela frogatu zuten, eta, horien artean, hamazazpi miliziano identifikatu ahal izan zituzten. Ordea, ondorioztatu zuten ezin zituztela bertatik atera, hezur guztiak nahastuta eta egoera txarrean daudelako; horregatik, gunearen esanahia aldatu zuten 2023an.
«Beharrezkoa bada, Estrasburgoko Europako Giza Eskubideen Auzitegiraino iritsiko gara»
Mikel Iparragirre, Gipuzkoako CNTko Oroimen Ona memoria historikoko taldeko kidea
Milizia Popularrekoak, PCEkoak, UGTkoak eta CNTkoak ziren hamazazpi horiek; zehazki, Narciso de Santos Herrero, Marcos Gallaralde Elejalde, Alvaro Pascual Izurza eta Eusebio Serrano Alvarez dira identifikatutako anarkistak. Hain zuzen ere, CNTko horien «izenean» hitz egiten dutela nabarmendu du Iparragirrek: «Mausoleoa eraiki zutenean, frankistak euren senideen baimenarekin eraman zituzten hara; antifrankistak, aldiz, ez. Gure kideek ez zuten hor egon nahi: ez ziren kristauak eta ez zuten inoiz onartuko euren gorpuen gainean gurutze bat egotea, are gutxiago frankistek eraikitako gurutze bat». Hori salatzeko, elkarretaratzea egingo dute bihar mausoleoan (12:00), eta «Donostiako edozein antifaxista» deitu dute parte hartzera, Iparragirrek nabarmendu duenez, «hor Donostiako herria dagoelako lurperatuta, 36ko gerraren hasieran faxismoa garaitu zuena».
Administratibotik judizialera
Miliziano antifrankisten gorpuzkiak bertan «duintasunik gabe lurperatuta» jarraitzen dutela deritzote CNTkoek: «Esanahia aldatuta edo ez, gurutze bat izaten jarraitzen du. Gure kideak ezin badituzu mugitu, gurutze hori kendu behar duzu, erlijio askatasuna oinarrizko eskubideetako bat baita. Baina gure kideen gainean dago gurutzea, mausoleoaren erdigunea da, ez dago soilik frankisten hilobietan. Denok edo inor ez». Hori dela eta, gurutzea botatzeko modu ofizialean eskatu zioten iazko irailean udalari: «Idatzi bat aurkeztu genuen horren inguruan, gurutzea mantentzea frankismoaren biktimen duintasunaren eta memoriaren aurka doalako», azaldu du CNTkoen auzia lantzen ari den Iker Sarriegi abokatuak.
Sarriegik dioenez, ordea, ez zuten erantzunik jaso, eta «isiltasun administratibo» horren aurrean, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu zuten urtarrilean udalean, eskaera berarekin. Abokatuak azaldu duenez, horrek ere ez du erantzunik izan, eta, beraz, bide administratiboa agortuta, bide judiziala abiatzea erabaki dute: «Administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkeztuko dugu orain Donostiako epaitegian».
«Jurisprudentzia ikusita, uste dugu gure alde egin dezakeela Donostiako epaitegiak»
Iker Sarriegi, abokatua
Sarriegik dio epaitegi horretan bertan aurrera egin dezakeela eskaerak: «Jurisprudentzia ikusita, uste dugu gure alde egin dezakeela epaitegiak eta, horrela, Donostiako Udalari aginduko lioke sententzia exekutatzeko eta gurutzea kentzeko». «Mausoleoan dauden gorpuak nahastuta daude, frankistenak eta antifrankistenak. Beraz, esanahia aldatuta sinbolo erlijioso bat baino ez bada ere, nahastuta egoteak, hor egoteak berak, gurutzeak berak eta batzuk eta besteak dauden moduak suposatzen du eraso bat frankismoaren biktimen duintasunaren eta memoriaren aurka», gaineratu du abokatuak.
«Beharrezko instantzietaraino»
Donostiako epaitegiak ez balu gurutzea botatzearen aldeko sententziarik aterako, instantzia nagusietara jo beharko lukete, Sarriegik azaldu duenez: «Gipuzkoako Auzitegia edo, akaso, EAEko Auzitegi Nagusia egongo litzateke ondoren, eta, gero Espainiako Auzitegi Gorena». Iparragirrek, hala ere, nabarmendu du «beharrezkoa bada, Estrasburgoko Europako Giza Eskubideen Auzitegiraino» iritsiko direla, «zalantzarik gabe»: «Hau auzi konstituzionala da eta giza eskubide unibertsalen urraketa ere bada».

Polloeko mausoleoko esanahia 2023an aldatu zuten erakundeek, han urte luzez ikusgai egon zen plaka frankista kenduz eta bertan hainbat frankistekin lurperatuta dauden borrokalari errepublikanoak omenduz. Martirien Mausoleoa izan zen ordura arte gunearen izena, frankistek jarritakoa, eta A la memoria de los asesinados por defender sus ideales, de Dios y España. Una oración por sus almas zioen plaka bat zuen jarrita.
Iñaki Egaña Euskal Memoria Fundazioko historialari eta hedabide honetako kolaboratzailea izan zen mausoleoa aztertzen lehena: «Garai hura bizi zuten herritar batzuen testigantzei esker, jakin nuen mausoleoan errepublikano batzuk lurperatu zituztela», azaldu zion hedabide honi, 2022an, mausoleoari buruzko erreportaje batean.
2021era arte, aldiz, ez zen esku hartzerik izan mausoleoan. Urte hartan, EH Bilduk mausoleoari buruzko iradokizun bat aurkeztu zuen Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Batzordean, Egañaren ikerketak eta Itsaso Bikuña Dinamita Tourreko kideak IRUTXULOKO HITZAn 2021eko azaroan argitaratutako iritzi artikulu bat aipatuz —aurretik, 2020an, mausoleoari buruzko erreportaje laburra argitaratu zuen hedabide honek—. Iradokizun haren harira, Aranzadiri ikerketa egiteko eskatu zion udalak, ikerketa horren bidez hamazazpi miliziano identifikatu zituzten —askoz miliziano gehiago daude identifikatu gabe— eta horren ondoren etorri zen esanahi aldaketa.