Metropolitanoan zain dago trena
Reala oraindik garaiz dabil Europara sailkatzeko. Atletico Madrili bihar irabazteak nabarmen erraztuko luke bidaia.

Lau partida geratzen dira liga bukatzeko, zorionez. Hori da Realaren jarraitzaile batek baino gehiagok pentsatuko duena. Dena dela, jokoan dauden hamabi puntuek askorako eman dezakete. Esaterako, Reala Europara sailkatu daiteke, geratzen diren neurketetatik bi irabazten baditu. Beste emaitzek baldintzatu arren, badirudi horrela izan daitekeela. Lau horietatik lehena bihar jokatuko dute txuri-urdinek Atletico Madrilen kontra, Metropolitano futbol zelaian (21:00). Realak aspaldi ez duela han irabazi, eta Athleticen kontra derbi kaskarra jokatu ondoren, erronka zaila dirudi. Ordea, txuri-urdinekin ez da ezinezkorik, eta ikusteko dago ezustekoa emateko gai diren.
Emakumezkoen Realari, berriz, bi jardunaldi geratzen zaizkio ahalik eta ondoen bukatzeko liga. Espanyoli aise irabazi ostean, Granada hartuko dute etzi, Zubietan (12:00). Zurrumurruen arabera, Arturo Ruiz andaluziarren entrenatzaileak gidatuko du datorren denboraldian talde txuri-urdina. Beraz, partida berezia izan daiteke askorentzat. Izan ere, Jose Luis Sanchez Vera Realeko entrenatzailearen azkena izango da Zubietan, eta baita ere hainbat jokalarirena —Amaiur Sarriegik ez du jarraituko, eta badirudi Elene Lete atezainak ere kluba utziko duela—.
Eskubaloian, lau goleko abantaila baliatu beharko du Bera Berak, bihar, ligako titulurako final-laurdenetako itzulerakoan. Granollers hartuko dute Gaska kiroldegian, 18.30ean. Kataluniarrekin lehia estua izan zuten joanekoan, baina neurketa kontrolpean izan zuten donostiarrek. Beraz, etxeko lanak ondo beteta, finalerdietara sailkatuko dira.
Saskibaloian, Gipuzkoa Basketek kale edo bale egingo du gaur, iluntzean. FEB liga erregularreko azken norgehiagoka jokatuko dute Ourenseren aurka Illunben, 21:00etan. Irabaziz gero, ACB ligara igotzeko kanporaketak jokatuko dituzte. Ligako bigarren eta bederatzigarren postuen artean geratzen direnek jokatzen dute, eta Gipuzkoa Basket zortzigarren tokian dago. Galduz gero, berriz, beste emaitzei begiratu beharko diete donostiarrek.
Belar hockeyan, Tenisen kontrako berdinketa ontzat jo behar du Realak, Zubietan. Horretarako, aukera bikoitza izango du. Izan ere, txuri-urdinek bi partida jokatuko dituzte asteburuan. Bihar, Atletic Terrassaren aurka ariko dira, 12:00etan. Etzi, berriz, Terrassaren kontra jokatuko dute, 12:00etan ere. Puntu garrantzitsuak dituzte jokoan.
PARTIDAK
Futbola
Gizonezkoen liga, 35. jardunaldia
- Atletico Madril – Reala (bihar, larunbata, 21:00)
Emakumezkoen liga, 29. jardunaldia
- Reala – Granada (etzi, igandea, 12:00)
Eskubaloia
Emakumezkoen ligako titulurako final-laurdenetako itzulerakoa
- Bera Bera – Granollers (bihar, larunbata, 18:30)
Saskibaloia
Gizonezkoen bigarren maila, 34. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket – Ourense (gaur, ostirala, 21:00)
Belar hockeya
Emakumezkoen lehen maila, 19. eta 20. jardunaldiak
- Reala – Atletic Terrassa (bihar, larunbata, 12:00)
- Reala – Terrassa (etzi, igandea, 12:00)