Susana Garcia Mugikortasun sailburuaren agerraldia eskatu du EH Bilduk

Donostiako Metroaren igarobidearen lanen batzorde ez-iraunkorra egin zuten herenegun. Batzordea bi hilero egitea adostu zuen Donostiako Udalbatzak, baina orain arteko azkena azaroaren 6an egin zuten. Hori dela eta, EH Bilduk salatu du horren atzean “utzikeria eta ardura falta” daudela.
“Mirakontxa eta Easo kaleen arteko pasabideak izan dituen gainkostuak jarri genituen batzordeko mahai gainean. Era berean, izandako arazoak proiektuaren inguruan izan dugun informazio falta eta hamar urte luze hauetan herritarrei zein merkataritzari eragindako kalteak”, adierazi du udal taldeak. “Tamalez, gardentasunez datuak eskuratzeko egin ditugun ahaleginak ez ditu nahiko genituzkeen emaitzak izan. Gainkostuez galdetuta, ETStik helarazi zaigu batzorde ez-iraunkorra ez dela horretarako lekua, eta Eusko Jaurlaritzari dagokiola”, gaineratu dute.
Hori dela eta, EH Bilduk eskaera bat erregistratu du Eusko Legebiltzarrean: “Susana Garcia Mugikortasun sailburuak azalpenak ahoz eman ditzan. Eta oraingoan bai, dagokion arduragatik, eta hiritarrei zor zaien gardentasunagatik, eman dezala informazio guztia”. Izan ere, EH Bilduk pasa den martxoan galdera sorta bat erregistratu zuen legebiltzarrean, eta Garciak idatziz erantzun zituen. “Orduan, ez zituen argibide guztiak eman”, nabarmendu dute.
Zehazki, hau da Mugikortasun zinegotziari galdetu diotena: “Berriro galdegin diogu gainkostuez (hasiera batean 53,3 milioi euroan esleitu zen Mirakontxa-Easo, eta tarte horretan orain arte ziurtatutako obra 139,8 milioi eurokoa izan da, hau da, %162,29ko igoera izan du momentuz), Mirakontxa-Easo tartean jazotako arazo larriez eta hamar urtetako lan hauek inguruko auzotar eta dendarien artean eragindako askotariko kalteez”.