Bederatzi dira Reala utziko duten jokalariak
Datorren denboraldiari begira, emakumezkoen lehen taldea berrosatu beharko du klub txuri-urdinak.

Espero baino gehiago dira Realeko nesken taldea utziko duten jokalariak. Guztira, bederatzi. Gainera, azken urteotan esanguratsuak izan dira gehienak. Klubak jakinarazi duenez, hauek dira txuri-urdin izateari utziko dioten jokalariak: Ane Etxezarreta, Amaiur Sarriegi, Sanni Franssi, Elene Lete, Manuela Vanegas, Izarne Sarasola, Elene Viles eta Lorena Navarro. Bederatzigarrena, berriz, Maria Valle da, sasoi honetan Real Madrilek utzita aritu dena.
Etxezarretak hamar urte bete ditu Realean, eta, horregatik, urrezko eta brillantezko intsignia jasoko du bihar, Realak Granadaren aurka jokatuko duen ligako partidaren hasieran. 2019ko Espainiako Kopako irabazleetako bat da beasaindarra, eta 2019-2020ko denboraldiko Espainiako Superkopako txapeldunordea.
Sarriegi, Franssi, Lete, Vanegas eta Sarasola ere jokalari erabakigarriak izan dira azken urteotan. 2021-2022ko denboraldiko bigarren postua lortu zuten, eta taldearen estreinako Txapeldunen Ligan parte hartu zuten. Era berean, Superkopako txapeldunordeak dira. Navarro eta Viles, berriz, 2023-2024ko denboraldian iritsi ziren Donostiara, eta sasoi hartako Espainiako Kopako finalera iritsi ziren.
Realak esker ona adierazi die jokalari guztiei, eta zorterik onena opa diete etorkizunean. Batzuen etorkizuna argitu gabe dagoen arren, Sarriegi Atletico Madrilera doala zabaldu dute hainbat kirol hedabidek.