Gurutze faxista «birrintzea» dute helburu
Gipuzkoako CNT sindikatuak elkarretaratzea egin du gaur eguerdian Polloeko mausoleo frankistaren aurrean.

Polloeko Martirien Mausoleo frankistak eta haren gurutzeak oraindik zutik daude. Iraultzaileak zirelako, gurutze faxista birrindu lelopean, Gipuzkoako CNT sindikatuak elkarretaratzea egin du Egiako hilerrian. Mausoleoaren aurrean hainbat lagun elkartu dira, han hilobiratuta dauden miliziano antifrankistak omentzeko. Era berean, hedabide honek aurreraturiko erabakia azaldu diete hara joan direnei. Hau da, bide judiziala abiatu dutela mausoleo frankistako gurutzea bota dezaten.
Donostiako Udalari eskaera hori bera egin zioten, baina erantzunik jaso ez dutenez, beste bide bat jorratzea erabaki du sindikatu anarkistak. Erakunde publikoek mausoleoaren esanahia ofizialki aldatu bazuten ere, CNTk argi dauka hori ez dela nahikoa bertan euren borondatearen kontra eta militar eta polizia frankisten aldamenean lurperatuta dauden miliziano antifrankisten memoria eta duintasuna bermatzeko.
IRUTXULOKO HITZAk Gipuzkoako CNTko Borondate Ona memoria historikoko Mikel Iparragirrerekin hitz egin zuen, eta hark emandako azalpenak irakur ditzakezue erreportaje honetan.
Elkarretaratzearen argazki bilduma, berriz, jarraian topatuko duzue.







