Intxaurrondoko anbulatorioa berritzea eta zerbitzuak hobetzea eskatu dute

Gaur eguerdian, Intxaurrondoko hainbat herritarrek bat egin dute Olatu Txuria plataformak deituriko elkarretaratzearekin. Ez dugu anbulatorio hau merezi lelopean, Intxaurrondoko osasun zentroa berritzea eta eskaintzen dituen zerbitzuak hobetzea eskatu dute.
“Anbulatorioa zaharkitua dago, irisgarritasuna ez du bermatzen, medikuak falta dira eta pediatra bakarra dago. Osasun etxe egoki bat aldarrikatzera etorri gara, 11.000 biztanle inguru dituen auzo honentzat. Osasungintza publikoan egiten ari diren murrizketak salatu behar ditugu”, adierazi du Idoia Serna Olatu Txuria plataformako kideak.
Mobilizazioarekin bat egin dute hiriko hainbat auzo elkartek: Intxaurralde (Intxaurrondo) IZBE (Intxaurrondo) Lanberri (Txomiñene), Sarroeta (Martutene), Loiola Urumea Ibai, Bideak (Bidebieta), Oleta (Altza), Buenavista (Altza), Lodabe (Altza), eta Peña y Goñi Auzo Eginez (Gros).
Ekainak 7, manifestazioa
Intxaurrondoko elkarretaratzean gogorarazi dutenez, datorren ekainaren 7an manifestazioa egingo dute Martutene, Loiola eta Txomiñenea auzoetan barrena, Txominen dagoen osasun zentroa hobetu dezatela eskatzeko.