Manteoko bizilagunek eskatu dute Nafarroa etorbidea auzunearekin lotzen duten eskailerak mantentzeko
Basque Culinary Centerri gutun bat helarazi diote, auzunearen mugikortasunari buruzko proiektua berriz aztertzeko.

Elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean Manteoko bizilagunek, Nafarroa etorbidetik auzunera sartzeko eskaileretan. “Hura kentzearen alde gaudela adierazteko elkartu gara. Era berean, oinezkoentzat, mugikortasun urriko pertsonentzat, motordun ibilgailuentzat eta bizikletentzat irisgarritasun osoa eskatzeko”, adierazi zuten.
Basque Culinary Centerren Gastronomy Open Ecosystem (GOe) eraikin berriak ekarriko dituen aldaketekin “kezkatuta” daude bizilagunak. Hori dela eta, BCCren eraikin berriaren obrak “hiru hilabetez gelditzea” eskatu dute. “Epe horretan, eremu horretako mugikortasunaren eta irisgarritasunaren gaia elkarrekin birplanteatu ahal izango genuke, behin betiko adostasuna lortzeko erakundeen eta herritarren artean”.
Horretarako, udal taldeengana jo dute eskaera udaletxean erregistratu dezaten. EH Bilduk, Elkarrekin Donostiak eta PPk aintzat hartu dute eskaera, eta hurrengo udalbatzarrera gaia eraman eta eztabaidatzeko konpromisoa agertu dute.
Horrekin batera, BCCri gutun bat helarazi diote, “auzoaren mugikortasunari buruzko proiektua berriz aztertzeko” eta Donostiako Udalaren hurrengo osoko bilkuran aurkeztuko den “moratoriarekin” bat egiteko eskatuz. Besteak beste, hau da luzatu dieten eskaera: “Donostiako Udaleko ordezkari politiko guztiei eskatu diegun moduan, Basque Culinary Centerreko Patronatuari eskatzen diogu denbora hau har dezala gune honetan sarbidearen hobekuntza birpentsatzeko behar den hausnarketa eta azterketarako. Zuek zaretenez funts publikoekin finantzatutako eta udal-lurretan kokatutako proiektu honen sustatzaileak, funtsezkoa iruditzen zaigu Donostiako bizilagunen eta, oro har, herritarren alde duzun jarrera”.
Datorren asteartean, hilaren 13an, berriz ere elkarretaratuko dira Manteoko bizilagunak aipaturiko eskaileretan, 19:00etan.