Martin Zubimendi badoa
Donostiarrak Reala utzi eta Arsenalen jokatuko duela aurreratu dute hainbat kirol adituk eta hedabidek.

Badirudi argitu dela zein izango den Martin Zubimendiren etorkizuna. Datorren denboraldian, Ingalaterrako Arsenal taldean jokatuko du erdilari donostiarrak. Ben Jacobs eta Fabrizio Romano kirol kazetariek aurreratu dutenez, akordioa erabatekoa da eta Realak 60 milioi euro inguru jasoko ditu jokalariaren truke. Hain zuzen ere, hori da Uliakoaren etete klausula.
Realak oraindik ez du baieztatu Zubimendiren agurra, baina beste hedabide batzuek badoala ziurtatu ahal izan dute. Horiek horrela, talde txuri-urdinak oinarri eta zutabe garrantzitsu bat galduko du. Izan ere, harrobiak azken urteotan emandako jokalari esanguratsuena da.
Donostiarren etorkizuna hizpide izan dute azken egunotan, eta Xabi Alonsok egindako iragarpenak zurrumurruak areagotu zituen. Tolosarrak Bayer Leverkuseneko entrenatzaile izateari utziko dio, eta, okerrik ezean, Real Madrilen gidaritza hartuko du. Alonsok Zubimendi Madrilera erakartzeko asmoa zuela zabaldu zuten hainbat hedabidek, baina ez dirudi horrela izango denik.