Aniztasunaren aldeko igandea ospatu dute Egian, Bizipozaren eskutik

Igandea ospakizunez beterik jaiki da. Bizipoza festak esnatu ditu bizilagunak eta Aitor ikastolan elkartu dira goizean goizetik antolatzaileak, bolondresak eta auzoko eragileak, plaza atontzeko eta dena behar bezala antolatzeko. Ilusioz eta irrikaz eman diote hasiera egunari, Kaleko Afari Solidarioak eskainitako gosari koloretsu batekin.
Ia 40 dira egitasmora batu diren Egiako erakunde eta gizarte eragileak, eta 11:00etan hasi da aniztasunaren aldeko festa: Castellersen tailer irisgarria; Zapotxin, Porrotx eta Marimototsekin kantua eta dantza; kantujira auzoan zehar eta herrialde ezberdinetako janari dastaketa.
Hala, egunak ordu asko ditu eta arratsaldean emanaldi gehiago eskaini dituzte; besteak beste, arrazakeriaren kontrako autobusa, Goazeneko lagunen ikuskizuna, Uliazpiko lagunen emanaldia, Katako eskaileren igogailuaren inaugurazio herrikoia, eta buruhandi eta erraldoiekin argazkia egunari amaiera emateko.
Hemen dituzue festako argazkiak:

































































































































































