Bera Berak Malaga gainditu beharko du finalera iristeko
Donostiako eskubaloi taldeak Granollers kanporatu du final-laurdenetan, itzulerako partidan berdinduta (33-33).

Etxetik kanpo lorturiko errentaren balioa garrantzitsua da. Bera Berak lau goleko abantailarekin ekin zion larunbatean ligako titulurako final-laurdenetako itzulerakoari. Granollersek estu hartu zuen talde donostiarra Gaskan, eta galtzeko arrisku askorik izan ez zuten arren, berdinketaren bukatu zen norgehiagoka (33-33). Lehen kanporaketa gaindituta, Malaga dute zain finalerdietan. Ligako bigarren sailkatuak Rocasa kanporatu du asteburuan. Joanekoa hilaren 21ean izango da Gaska kiroldegian.
Saskibaloian, Gipuzkoa Basketek helburua bete zuen pasa den ostiralean, eta ACB ligara igotzeko kanporaketak jokatuko dituzte. Mikel Odriozolak gidatzen duen taldeak Ourense hartu zuen mendean, hil ala biziko neurketan (87-78). Ezinbestekoa zen irabaztea, galiziarrek ere helburu bera zutelako jokoan. Garaipen horri esker, liga erregularra zortzigarren postuan bukatu dute, eta hirugarren sailkatuaren kontra neurtuko dituzte indarrak final-laurdenetan: Estudiantes. Kanporaketa bost partidetatik hiru irabazten dituenak gaindituko du. Aurrenekoa ostiralean, hilaren 16an, jokatuko dute Madrilen (19:30).
Futbolean, Realeko neskek argi dute denboraldia irribarre batekin bukatu nahi dutela. Bederatzi jokalariren agurra iragarri eta Ane Etxezarreta omendu ondoren, txuri-urdinek Granadari irabazi zioten Zubietan (4-2). Partida bikaina jokatu zuten, eta agerian geratu da taldeak duen maila azken jardunaldietan erakutsitakoa baino askoz ere hobea dela. Amaiur Sarriegi donostiarrak bi gol eder egin zituen, eta beste donostiar batek, Cecilia Marcosek, bi asistentzia bikain eman zituen. Beste bi golak Cahynovak eta Lavogezek egin zituzten. Bestalde, Realeko mutilek pena eman zuten Metropolitano futbol zelaian (4-0). Atletico Madrilek lehen ordu laurdenean erabaki zuen partida, Sorloth txuri-urdin ohiaren gosea baliatuz. Guztira, lau gol egin zizkion bere talde ohiari aurrelari norvegiarrak. Emaitza mingarriaz harago, Realak agerian utzi zuen ez duela denboraldiko helburua beteko: Europara sailkatzea.
Belar hockeyan, Realak bale eta kale zer den erakutsi du asteburuan. Larunbatean, galdu egin zuten Atletic Terrassaren kontra (1-4). Atzo, berriz, Terrassa gainditu zuten aurreko egunekoa partida askoz hobea eginda (2-0).
EMAITZAK
Eskubaloia
Emakumezkoen ligako titulurako final-laurdenetako itzulerakoa
- Bera Bera 33 – Granollers 33
Saskibaloia
Gizonezkoen bigarren maila, 34. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket 87 – Ourense 78
Futbola
Emakumezkoen liga, 29. jardunaldia
- Reala 4 – Granada 2
Gizonezkoen liga, 35. jardunaldia
- Atletico Madril 4 – Reala 0
Belar hockeya
Emakumezkoen lehen maila, 19. eta 20. jardunaldiak
- Reala 1 – Atletic Terrassa 4
- Reala 2 – Terrassa 0