Ireki dute Mubil Center, mugikortasun adimendun eta jasangarrian erreferente izan nahi duen zentroa

Mubil Centerrek ofizialki inauguratu ditu gaur Eskuzaitzetako instalazioak, “mugikortasun adimendun eta jasangarriaren etorkizuna gidatzeko” asmoz, eta Gipuzkoa eta EAE “erreferente bihurtu” asmoz mugikortasun adimendun eta jasangarriaren arloko ikerketan, garapenean eta berrikuntzan.
Automobilen industriaren mundu mailako eraldaketan paper garrantzitsua jokatu nahi du Mubilek. Deskarbonizazio eta digitalizazioa eta digializaioa helburu, “Europaren berrindustrializazioan” posizio onean dagoela ziurtatu du Imanol Pradales lehendakariak. Nabarmendu duenez, “proiektu hau, Euskadik Europako berrindustrializazioaren lidergoan kokatzeko duen anbizioa islatzen duen herri proiektua da, eta, zehazki, mugikortasun adimentsu eta jasangarriari eragiten diona”.
“Mubil, elektro mugikortasuna eta garraioaren digitalizazioa bezalako funtsezko teknologiak garatzeko laborategi aurreratuek dituen abangoardiako azpiegitura bat da”, adierazi du Lehendakariak, eta zentro berria Euskadiko energia-trantsiziorako “adibide argia” dela gaineratu du.
“Bakarra Europan”
25 milioi euroko inbertsioarekin, mugikortasun soluzio aurreratuen garapena, balidazioa eta ziurtapena bultzatzeko diseinatu da Mubil zentroa. Instalazioak hiru entsegu laborategi ditu, eta, Mubil Centerren inguruan sortutako ekosistemarekin batera, Europan bakarra den ezagutzaren eta testatzeko eta berritzeko gaitasunen kontzentrazioa bilduko ditu. Bertan izango dira, biltegiratze elektrikoko laborategia segurtasun eta fidagarritasun estandar “zorrotzenetan” gelaxkak, moduluak eta bateria-sistemak probatzeko; Trakzio elektrikoko laborategia, automobilgintzaren eta garraio astunaren sektorerako motor, inbertsore eta transmisio sistemak probatzeko; eta hidrogeno pilen laborategia, hidrogenotik abiatuta elektrizitatea sortzeko sistemak probatzeko eta balioztatzeko azpiegitura.
Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendozak ireki du ekitaldia: “Gaur egungoa bezalako eraldaketa, ziurgabetasun eta ezegonkortasuneko uneetan, gure industria eta gure enpresak babestea eta bultzatzea ezinbestekoa da gure lurralderako. Abangoardia izatea, arrastoa uztea da gure industria babesteko eta gure enpresen lehiakortasunari laguntzeko modurik onena, are gehiago mugikortasunaren sektorean, hain garrantzitsua den eta hainbeste pisu eta proiekzio duen sektorean”, adierazi du.
Berrikuntza irekiko ekosistema bat, talentua, teknologia eta etorkizuna lotzen dituena
Mubil “berrikuntza irekiko benetako ekosistema gisa” definitu dute ordezkariek, eta lankidetzako ingurune bat eskainiko du startup-ak, ETEak eta konpainia handiak mugikortasun adimendun eta jasangarriko irtenbideen garapenean bultzatzeko. Instalazio horietan honako enpresa hauek egongo dira: Battera, Lazpiur, NX, Wattson, Battbelt, Veltium, AVL, Novac, Mubil bera, bai eta Cidetec eta EPower Labs kudeatzaile teknologikoak ere, eta 80 profesionalez osatutako talde bat bilduko da bertan lan egiteko.
Gune berritzaile horri gehituko zaio Vicomtech, Cidetec eta Tecnalia zentro teknologikoetako mugikortasuneko I+G unitateak Eskuzaitzetara lekualdatzea, eta, horrela, indartu egingo da Gipuzkoak mugikortasunaren arloko gaitasun teknologikoetan eta berrikuntzan Europako erreferente gisa duen posizioa.
2018an sortu zenetik, Mubil proiektuak helburu argi bat izan du: mugikortasunaren dinamika berriei aurrea hartzea, balio erantsi handiko enplegua sortzea eta Gipuzkoaren lehiakortasun-posizionamendua indartzea etorkizuneko eremu estrategiko batean.