Satorralaiak erakundeen «ilunkeria» salatu du, Metroaren obren gainkostuak ez azaltzeagatik

Satorralaia bizilagunen elkarteak salatu duenez, Donostiako metroaren obren jarraipen batzordeak joan den asteazkenean udaletxean egindako bileran, Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakundeko zuzendari Antonio Lopezek metroaren obran sortutako gainkostuen inguruan azalpenak emateari uko egin dio. Erdialde-Kontxako geltokiaren eraikuntza lanetan gertatutako “larrialdi-egoerari” garrantzia kendu nahi izan diola uste dute. Hori dela eta, Satorralaiak azpiegitura-lan handi horren bultzatzaileek darabilten “ilunkeria” salatu du.
Gehitu dituzten datuen arabera, bizilagunen mugimenduak argitu du joan den apirilean “larrialdi-espediente” bat egin zutela obren arduradunek, lurpean proiektuan aurreikusita ez zeuden “buztinez eta material limo-hareatsuz betetako gune arrokatsu karstifikatuak” detektatzeagatik. Esaten duenez, lurpea sendotzeko eta haren estankotasuna hobetzeko erabili diren bitartekoak, indusketa-lanen tarte horretan “sostenimendua zertxa astunen bidez eustea” eta injekzioak erruz egitea izan dira. Dokumentuak dioenez, “ez da izan ez berehalako arriskurik ez arrisku larririk eraikinentzat”, baina Satorralaiaren ustez, Erdialde-Kontxako geltokiaren indusketan gertatutako “larrialdi-egoera horren garrantzia agerian geratzen” da larrialdi-lan horien gastua 11’5 milioikoa izan baita (14 milioi BEZa barne), aurreikusitako 2’7 milioiak nabarmen handituz.
Honela, Satorralaiak eta beste hainbat eragile hilabeteak daramate obraren gainkostuak salatzen, eta horien aurrean erakundeek ematen duten informazio falta salatuz. %162 gainkostua izan dute obrek, Satorralaiak azaltzen duenez: 53 milioietan (BEZa zenbatu gabe) esleitu ziren Mirakontxa-Easo tarteko obrak 2017ko abenduaren 18an, eta tarte hori eraikitzeko egun aurrikusten den kostua, berriz, 140 milioira igo da (BEZik gabe) dokumentu horren arabera.
Zehaztu dutenez, Mirakotxa-Easo 2 faseko obren kostua esleipeneko 47’8 milioietatik egungo 90’6 milioira igo izana “legez kanpoko” gerta daiteke gainera, Zerbitzu Publikoen Kontratazioari buruzko Legean gastuen gehikuntzari ezarritako mugak gainditu baititu.