«Donostiako arraunak duen korapiloa askatzen jarraitzeko aurrerapauso ausarta da»
Kontxako Banderaren araudiaren aldaketak "asko poztu" du Donostia Arraun Lagunak-eko presidente Itziar Eguren. Urtetan udalari eskatu diotena dela nabarmendu du.

Donostiako Udalak, Donostia Festak sailaren bidez, Kontxako Banderaren araudia aldatzea erabaki du. Aurrerantzean, eta behin-behinean, emakumezkoen traineru donostiar onena sailkatuko da zuzenean Kontxara. Zehazki, Euskotren ligan postu onena lortzen duenak eskuratuko du saria. Beraz, Donostiarrako neskek ez dute orain arteko abantaila izango, eta, era berean, Donostia Arraun Lagunak-ek ez du desabantaila hori izango. Hemendik aurrera, bi traineruetatik onena sailkatuko da zuzenean Kontxako Banderara.
Albistea jakin orduko, hedabide hau Itziar Eguren Donostia Arraun Lagunak-eko presidentearekin harremanetan jarri da. 2017. urtean indarrean jarri zen araudia behin eta berriz aldatzeko eskatu dute azken urteotan, eta, azkenik, lortu dute. “Dei asko jasotzen ari naiz. Jendea oso pozik dago hartu duten erabakiarekin. Araudia aldatu zenean borrokatu zuten arraunlari ohiak dira gehien poztu direnak”, adierazi du Egurenek.
Udalaren erabakia “aurrerapauso ausarta” iruditzen zaio presidenteari: “Are gehiago, Donostiako arraunak duen korapiloa askatzen jarraitzeko aurrerapausoa da”. Egurenek dio “ez dela erraza izan”, eta jakitun direla udalak “gorabehera eta buruhauste asko” izan dituela. “Erabaki ausarta da, hausnarketa sakon baten ondorioa delako. Ez dute nolanahi hartu erabakia, eta jakitun dira ez dela denen gustukoa izango. Izan ere, batzuentzako ona izan daitekeen modu berean, ez dela hain ona beste batzuentzat”.
2017an ezarri zen araudiak “kiroltasun gutxi” zuela deitoratu du, eta aldatzea “ezinbestekoa” zela: “Kontxako Bandera oso estropada garrantzitsua da, eta kiroltasuna nagusitu behar da”. Hain zuzen ere, kiroltasuna oinarri gisa hartuta, araudia “berridazteko” eskatu izan dute: “Azken urteotako araudi honek asko kaltetu gaitu, ez gintuztelako donostiartzat hartzen. Horrela sentitu izan gara, behintzat”.
Arraunaren zikloak
Araudia aldatuta, “lanean jarraitu” behar dutela argi dauka Egurenek: “Badakigu arraunean zikloak daudela, gorabeheratsua dela, eta orain batzuk hobeto ibili daitezke, eta gerora beste batzuk”. Nolanahi ere, argi dauka erabakia ona dela Donostiako arraunarentzat, arrauna berarentzat eta arraunaren jarraitzaileentzat. “Trainerurik onenak ordezkatuko du Donostia Kontxako Banderan, eta zuzenean sailkatzen ez denak aukera izango du sailkatze estropadan hori bera lortzeko. Bidezkoena iruditzen zait”.