Hondakin organikoak birziklatzeko kanpaina berri bat egingo du udalak

Donostiako Udalak sentsibilizazio kanpaina berri bat jarri du abian, “sortzen ditugun hondakinen kudeaketaz, minimizazioaz eta berreskurapenaz” arduratzeko deia eginez. ‘Arduratu’ lelopean, ekimenak herritarren parte-hartze handiagoa lortzea nahi du zaborren gaikako bilketan, zatiki organikoko edukiontzia erabiliz.
Hori lortzeko, hainbat ekimen jarriko dira abian. Nagusia bulego mugikor bat sortzea da, donostiarrek Joko Garbia programan izena emateko aukera izan dezaten, bilketa organikorako edukiontzia erabiltzeko eta etxean hondakin horiek bereizteko kuboa eta poltsak lortzeko.
“Gaur egun 13.000 etxebizitza daude programa honetan parte hartzen dutenak, baina askoz gehiago izatea lortu nahi dugu”, adierazi du Carlos Garcia Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotziak. Azaldu duenez, “bulego mugikor hori hiriko hainbat auzotan egongo da, jendeak jakin dezan bosgarren edukiontzi horrek existitzen dela, zer onura dituen ingurumenerako haren erabilerak, eta zer abantaila dituen. Adibidez, zaborren tasan hobaria izateko aukera”.
Inskripzioa egin bezain laster, bizilagunek edukiontzi horiek irekitzeko txartela jasoko dute, baita hondakin organikoa behar bezala sailkatzeko poltsa konpostagarriak ere. Bulegoa puntu hauetan egongo da, astelehenetik larunbatera, 9:30-13:30 eta 16:30-19:30ordu artean:
05/05-05/12: Larratxo (plaza) – Altza
05/28-06/14: Julio Caro Baroja plaza – Antigua
06/18-06/28: Sagastieder plaza – Intxaurrondo
Birziklatzeko helburua
Garciak jakinarazi duenez, 2022an, gainerako edukiontzian utzi ziren hondakinen % 38,8 organikoak ziren; beraz, zenbatetsi daiteke urte horretan gainerakoen edukiontzietan bildu zen hondakin organikoaren kopurua 16.714 tonakoa izan zela. “Kontuan hartuta etxeko frakzio organikoaren bilketa 5.004 tonakoa izan dela, urte horretan ziurta dezakegu hobetzeko potentziala oraindik oso handia dela”.
%65eko helburua lortze bidean, honela mintzatu da Garcia: “12.512 tona hondakin organiko berreskuratu ahal izango balira, hau da, % 66, gaikako bilketen ehunekoa egungo % 41,1etik % 57,42ra igoko genuke, hondakin organikoari dagokionez soilik. Eta zati hori handitzen bada, beste frakzio batzuen arrastea hobetzen da. Horrela, 2035. urterako bilketa selektiboen % 65eko helburua lor litekeela uste dugu”.