BCCren eraikin berriarengatik kenduko dituzte eskailerak
Manteoko bizilagunek udalari eskatu diote Nafarroa etorbidearen eta auzunearen arteko oinezkoentzako eskailerak mantentzeko.

Mugikortasun aldaketa esanguratsuak eragingo ditu Basque Culinary Centerren Gastronomy Open Ecosystem (GOe) eraikin berriak. Manteoko bizilagunek jakinarazi dutenez, Nafarroako etorbidearen eta Manteoren arteko eskailerak kenduko dituzte. Horren ordez, Okendo Kultur Etxearen albo batean dauden eskailera berritzea eta zabaltzea aurreikusten dute. Era berean, igogailu bat jartzeko asmoa dute.
GOe eraikinaren proiektuak zonaldea nabarmen aldatuko du, eta horrekin “kezkatuta” daude Manteo kaleko herritarrak. Horregatik, BCCren eraikin berriaren obrak “hiru hilabetez gelditzea” eskatu dute. “Epe horretan, eremu horretako mugikortasunaren eta irisgarritasunaren gaia elkarrekin birplanteatu ahal izango genuke, behin betiko adostasuna lortzeko erakundeen eta herritarren artean”.
Horretarako, udal taldeengana jo dute eskaera udaletxean erregistratu dezaten. EH Bilduk, Elkarrekin Donostiak eta PPk aintzat hartu dute eskaera, eta biharko udal batzordeetara eramango dute bizilagunen eskaera. Era berean, datorren asteko osoko bilkurara mozio bateratu gisa eramateko eskaera luzatu diete.
Gaur, 19:00etan, Manteoko bizilagunak berriz ere elkarretaratuko dira eskaileretan.