Imanol Alguacilek Realaren urrezko eta brillantezko intsignia jasoko du
Klub txuri-urdinak entrenatzaile oriotarra omendu eta agurtuko du igandean, Anoetan.

Berezia izango da Realak eta Gironak hilaren 18an, igandean, jokatuko duten partida (19:00). Denboraldiko azkena izango da Anoetan, eta klub txuri-urdinak Imanol Alguacil omentzeko aprobetxatuko du. Urrezko eta brillantezko intsignia emango dio oriotarrari Julen Aperribai presidenteak, neurketaren atarian.
Alguacil da Realaren historiako entrenatzaile onenetako bat. Azken urteotako zikloa 339 partidarekin bukatuko du, lorpen zerrenda paregabearekin. 2020ko Espainiako Kopa irabazi izana da da esanguratsuena. Era berean, taldea Europara sailkatu du jarraian azken bost urteotan –lau aldiz Europa Liga jokatzeko, eta behin Txapeldunen Ligan aritzeko—.
Klubak hitz hauek eskaini dizkio: “Une egokia izango da Imanoli eman digun guztia eskertzeko eta etapa honetan zehar eman digun maitasun eta esker on guztia itzultzeko. Europan zehar eraman gaitu eta titulu bat oparitu digu. Baina, garrantzitsuena, gure taldeaz oso harro sentiarazi gaitu denbora honetan guztian”.
Zaleek ere Alguacil behar bezala agurtzeko partida izango da igandekoa.