Kulturen arteko Astea antolatu du udalak lehenengoz, askotariko jarduerekin

Elkarrizketarako eta Garapenerako Kultura Aniztasunaren Munduko Eguna ospatuko da maiatzaren 21ean, eta udalak Kulturen arteko Astea jarri du abian lehen aldiz. Maiatzaren 19tik 24ra bitartean izango da, eta Donostiaren ezaugarri den kultura aniztasuna ikusarazi, aitortu eta ospatzea du helburu.
Aste horretan, Donostiak jarduera programa oso bat izango du –erakusketak, kontzertuak, zinema proiekzioak eta dokumentalak, hitzaldiak, tailerrak eta sukaldaritza ikastaroak–, herritarrei gonbidapena luzatzeko Donostian bizi diren kultura anitzen aberastasunaz gozatzera, eta hori partekatu eta ezagutzera.
“Donostia, batez ere, hiri anitza da: anitza bere kulturan, hizkuntzetan, tradizioetan eta herritarretan. Hiri irekia, mestizoa eta solidarioa da, egunero aberasten dena, jatorri, ibilbide eta errealitate desberdinetatik bertan bizi eta hiria eraikitzen laguntzen duten pertsonen ekarpenak jasotzen dituena. Kulturen arteko Astearen lehen edizio honek hain zuzen ere aniztasun horri balioa eman nahi dio, eta oinarriak jarri nahi ditu hitzordu hau urteko erreferente bihur dadin Donostiako kultura eta gizarte egutegian”, azaldu du Aniztasuneko eta Inklusioko zinegotzi Iñigo Garciak.
Lankidetza elkarteekin
Aniztasuneko eta Inklusioko Ordezkaritzak bultzatutako ekimen honek aukera eman du lehen aldiz programa bateratu bat antolatzeko, eta arlo horretan lan egiten duten elkarteek urte osoan egiten dituzten jarduerak bildu eta ikusarazten dira bertan. Parte hartzaileen artean daude Agifugi, Bidez Bide, Decebal, Elkarrekin Koop., Emigrad@s Sin Fronteras, Haurralde Fundazioa, Jatorkin Al-Nahda, Kaebnai, Mestiza, Unión Cinco Estrellas eta SOS Arrazakeria Gipuzkoa. “Era berean, bizikidetza sustatzen duten, diskriminazioaren aurka borrokatzen duten eta pertsonen eta kolektiboen arteko laguntza sareak ehuntzen dituzten proiektu komunitarioak, hezkuntzakoak eta kulturalak garatzen urteak daramatzaten elkarteen etengabeko lanari egiten zaion omenaldia ere bada Kultura arteko Aste hau, askotan, egiten duten lan hori ikusezina izaten baita”, azaldu du zinegotziak.
Topagunea
Jarduerak hiriko kultur etxeetan egingo dira. Dagoeneko bi erakusketa daude martxan: Etxeko lana eta zainketak Okendo Kultur Etxean, eta Gipuzkoako ijito herriaren imajinario kolektiboaren balioa azpimarratzea Intxaurrondo Kultur Etxean. Horiez gain, dantza ikuskizunak, proiekzioak eta hitzaldiak egingo dira, baita elkarlaneko mural bat ere Saguesko frontoian, maiatzaren 24an.
Gainera, hainbat elkarte gastronomikok kulturarteko sukaldaritza ikastaroak egingo dituzte, Su-artean, gure artean izenburupean, kulturen artean partekatutako zapore eta jakintzak esploratzeko proposamen bat. “Diskurtso polarizatzaileek lekua irabazten duten testuinguru global batean, inoiz baino beharrezkoagoa da aniztasuna aberastasun kolektibo gisa aldarrikatzea eta ezagutzarekin, topaketarekin eta enpatiarekin estereotipoei aurre egitea”, azpimarratu du Garciak.
Kultura Aniztasunaren Munduko Eguna 2002an aldarrikatu zuen UNESCOk, munduko kulturen aberastasunari balioa emateaz gain, kulturen arteko elkarrizketaren garrantzia ere azpimarratzeko, bakea, gizarte kohesioa eta garapen jasangarria lortzeko funtsezko tresna den aldetik.