Mobilizazio jendetsua egin dute Manteon, Nafarroa etorbideko eskailerak mantentzea eskatzeko

Joan den ostiralean egin zuten moduan, atzo arratsaldean ere elkarretaratzea egin zuten ehunka lagunek Manteon, Nafarroa etorbidetik auzunera sartzeko eskaileretan. Jakina denez, Basque Culinary Centerren Gastronomy Open Ecosystem (GOe) eraikin berria egitearekin batera, eskailera horiek kendu egingo dituzte, eta horren ordez, Okendo Kultur Etxearen albo batean dauden eskailera berritzea eta zabaltzea aurreikusten dute. Era berean, igogailu bat jartzeko asmoa dute.
Manteoko bizilagunek lanak hiru hilabetez etetea eskatu dute, epe horretan, herritarren eta erakundeen arteko adostasun bat lortu ahal izateko eremu horretako mugikortasunaren eta irisgarritasunaren inguruan.
Atzo, 19:00etan elkartu ziren eskailera horietan, printzipioz, elkarretaratze bat egiteko. Ordea, gero, BCCk parean duen bulegora joan ziren protesta egitera, eta Nafarroa etorbideko zebrabidea etengabe gurutzatu zuten, trafiko mozketak simulatuz. Horren ostean, Zurriolarako bidea hartu zuten, eta manifestazio bat egin zuten Zmareraino.
Bizilagunek udal taldeengana jo dute eskaera udaletxean erregistratu dezaten. EH Bilduk, Elkarrekin Donostiak eta PPk aintzat hartu dute eskaera, eta asteleheneko (hilak 19) udal batzordeetara eramango dute bizilagunen eskaera. Era berean, datorren asteko osoko bilkurara mozio bateratu gisa eramateko eskaera luzatu diete.
Era berean, datorren asteazkenean (hilak 21) beste martxa bat egingo dute 19:00etan.
Hona hemen atzoko mobilizazioko irudiak:















