Turismo eredu «jasangarriago» baterantz joateko diagnostikoak, neurriak eta alternatibak hizpide
EH Bilduk antolatutako 'Turismoa(k) birpentsatze' jardunaldien barruan, Donostiako turismoaz, bere eraginez eta bere mugez hitz egiten aritu ziren asteartean Aurkene Alzua, Xavi Minguez eta Nekane Alzelai adituak.

Turismoaren jasangarritasunaz eta Donostiak eta bere auzoek duten karga ahalmenaz luze eta zabal hitz egin zuten asteartean San Jeronimo kaleko kriptan Aurkene Alzua Deustoko unibertsitateko katedradun eta Nazioarteko Turismoan doktorea, Xavi Minguez EHUko Psikologia Sozialeko irakaslea eta Nekane Alzelai Zubiri-Manteo institutuko Turismo irakaslea, EH Bilduk antolatutako jardunaldien barruan.
Markel Ormazabal EH Bilduko zinegotziak gidatu zuen mahai ingurua, eta, lehenik eta behin, turismoa jasangarria izan ote daitekeen eta Donostiako karga ahalmena gaindituta ote dagoen galdetu zien hizlariei. Jasangarritasunaren harira, Alzuak argi esan zuen turismo jasangarririk egongo bada inoiz, hori “eraiki” egin beharko dela, ez dela automatikoki jasangarria izango. Horretarako, ordea, neurriak eta politikak garatu beharko direla nabarmendu zuen, eta horietako bat karga ahalmena definitzea izan daitekeela baieztatu zuten hirurek, tresna gisa.
Minguezek, bestalde, azken ikerketetako datuak mahai gainean jarriz baieztatu zuen Overtourism egoerara heldu dela hiria, iaz aurkeztu zuten ikerketa batek baitzioen, beste datu askoren artean, inkestan parte hartu zuten Donostiako herritarren %80ak uste duela turista gehiegi daudela hirian. Horrela, argi adierazi zuen “desazkunderantz” joan behar dela: “Etengabeko hazkundearekin bukatu behar dugu”.
Alzelaik, bere aldetik, zenbait neurgailutatik ateratako datuak ekarri zituen hizpidera, eta nabarmendu zuen Donostiako turismoa “egonkortze fase batera” heldu dela, baina “gero eta masifikazio gehiago” dagoela. Horrela, egungo turismo politikak “epe laburrera begirakoak” direla kritikatu zuen, eta “epe luzera begirakoak” garatu behar direla aldarrikatu zuen.
Karga ahalmena, tresna konplexua
Karga ahalmen turistikoa eremu jakin batek bere gain hartu dezakeen turista kopurua da, bere inguru fisiko, ekonomiko eta soziokulturala kaltetua izan gabe. Hiru adituek bat egin zuten baieztatzean “tresna on bat” izan daitekeela turismo jasangarriago bat eraikitzeko bidean, baina “neurgailu konplexua” dela ohartarazi zuten.
Izan ere, ikuspegi askotatik neurtu daiteke: ekonomikotik, ingurumenarenetik, sozialetik, turistaren ikuspegitik eta tokian tokiko identitatearenetik, besteak beste. Azken horren harira, Minguezek “identitate kolektiboan” jarri zuen fokua: “Une historikoaren arabera aldatzen da eta lekuarekiko atxikimenduarekin lotura handia du, baina horrek ez du zuzenean protesta ekartzen.
Horrela, “turismoaren industriari” lekuarekiko atxikimendua gutxitzea interesatzen zaiola ohartarazi zuen: “Turismoak soziologikoki aldatzen badu gizartea, aldatzen da gizarte horrek eremu batzuekiko duen karga ahalmen psikologikoa. Izan ere, eremu bateko jendea turismoaren eraginengatik —prezioen gorakada, espazioak galtzea…— pixkanaka kanporatua izan bada, eremu horren karga ahalmen psikologikoa handitzen da, jendeari iruditzen zaio galduta dagoela eta turista horiek guztiak edo gehiago jasan ditzakeela eta, beraz, ez du protestatzen. Aldiz, karga ahalmen fisikoa ez da aldatzen, eta gaindituta dago”.
Karga ahalmenetik harago, hala ere, bestelako neurrien beharra aldarrikatu zuen Alzelaik: gida turistikoen errolda bat eta araudi on bat egitea, “gaur egun, edonork erakutsi dezakeelako Donostia”; free tour-etako ordainketak kontrolatzea, “non dago hor Ticket Bai?” eta erakundeen arteko lankidetza estuagoa garatzea, turismo eredu hobe bat eraikitzeko: “Jaurlaritza alde batetik doa, aldundiak bestetik, mankomunitateak ere hor daude, udalak…”.