Agur Dock of the Bay jaialdiari

Hamazazpi urteren ostean, desagertu egingo da Dock of the Bay musika dokumentalaren jaialdia. Antolatzaileek igorri duten oharrean onartu dutenez, baina, ez da erraza agur esatea.
“Emozio asko bizi izan ditugu jaialdiarekin. Urte hauetan guztietan egindako lanagatik harro sentitzen gara, eta eskerrak ematen dizkiegu gertu egon diren eta lagundu diguten pertsona guztiei”, idatzi dute. Halaber, amaiera hau hartzera derrigortuak ikusi dute euren burua, eta ez dute “ondoeza” ezkutatu nahi, “urte hauetan areagotu egin den ezinegona”.
“Dock of the Bay bezalako kultur ekimenekiko ardurarik eza” salatu dute: “Ez da erraza independentea izatea, jarraitutasunari eustea, urtez urte interesa sortzea eta jaialdi bat aurrera ateratzeko borroka egitea”.
Antolatzaileek, esker hitzak zabaldu dituzte jaialdian parte hartu izan duten zinemagile, langile eta ikusleentzat, eta “kulturaren balioan sinesten jarraituta”, lanean segituko dutela adierazi dute.