EHUk ikasleentzako egoitza berria egingo du: 200 logela, 650 euro hileko

EHUren Gipuzkoako Campuseko unibertsitate egoitza berriak “erabat hornitutako” 200 logela izango ditu guztira, bainugela eta banakako sukaldearekin. Gela bakoitzeko prezioa hileko 650 euro ingurukoa izango dela kalkulatu da, eta obraren aurrekontua, guztira, 21,4 milioi eurokoa izango dela.
Proiektu horrek etxebizitzaren arazo larriari erantzun nahi dio, zeren, zalantzarik gabe, EHUko ikasleei bete-betean eragiten die auziak. Are gehiago Donostia bezalako hiri batean, unibertsitateko campusaren batez besteko alokairu prezioa hilean 1.500 eurokoa izanik: 1.300 euro, 60 eta 90 metro koadro bitarteko etxebizitzentzat, eta 1.800 euro artekoak handienentzat.
Joxerramon Bengoetxea errektoreak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean sinatu zuen atzo ebazpena. Ebazpen horretan, azaltzen da Gipuzkoako Campuseko unibertsitate egoitza berri baten bideragarritasun ekonomiko finantzarioaren azterlana, kostuen egituraren proposamena eta prezioak berrikusteko sistema. Era berean, Errapel Mirena Ibarlozak, Ekonomia eta Enpresa Zientzietako doktoreak eta UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko irakasleak, egindako txosten berean, aurreproiektuan zehazten da eraikina 3.462 m2-ko lursailean eraikiko dela, eta une honetan Hezkuntzaren Museoa dagoen solairu bateko pabiloi batek okupatzen duela, “eraitsi eta espazio berri horretan birkokatuko litzatekeena”.