«Nahikoa baliabide ditugu Guardetxea modu autogestionatuan kudeatzeko»
Maiatzaren Lehenean dozenaka lagun sartu ziren Urgulleko Guardetxera, gaztetxe bihurtzeko asmoz. Hainbat gaztek egun batzuk zeramatzaten barruan, eta, ordutik, 24 orduz ari dira espazioa babesten, Parte Zaharrari espazio herrikoi berri bat bermatu asmoz.

Sei urte hutsik egon ostean okupatu duzue Guardetxea. Zergatik?
Eñaut Alvarez (E.A.): Parte Zaharrean antolakuntza politikorako espazio baten beharra aspaldiko kontua da, eta borroka handia izan da: Usotegi, Kijera, Aldamar kaleko auzo lokala… AZGAk egindakoez gain, beste kolektibo batzuek egindako borrokak —Birunda eta Kantauri espazioak, adibidez— gabezia horren adierazle dira. Espazio honek sei urte hutsik zeramatzala ikusita, aukera paregabea ikusi genuen proiektu autogestionatua martxan jartzeko.
Nerea Irastorza (N.E.): Sei urtez utzikeriaz jardun du udalak eta orain gu ari gara konpontzen. Zikinkeria kendu, argia eta ura jarri, komunak jarri… auzolan handiak ari gara egiten.
Lehendik ere okupazio «sinboliko» batzuk egin zenituzten.
N.I.: Duela hiru urte Guardetxea ireki eta auzolan bat egiteko asmoa zuen AZGAk, baina auzolanaren egunean udaltzainak zeudenez, ezin izan zen burutu. Eta iaz, asteburu bat egin genuen barruan, egitarau eta guzti. Ez zen inolako arazorik izan, hasieratik argi utzi genuelako sinbolikoa zela, eta astelehenean martxa egingo genuela. Ekintza hori ondo atera ostean, Plaza Berria okupatu genuen egun batez, auzoko kaleak bizilagunonak direla aldarrikatzeko. Hortik aurrera, Guardetxean sartzea erabaki genuen. Neguan egindako bileretan argi ikusten zen asanblada indartsu zegoela eta espazio hau borrokatu genezakeela.
E.A.: Aurreko okupazio sinbolikoa egiterakoan, udalari bilera bat eskatu genion eta inolako erantzunik jaso ez dugunez, hartu dugu erabakia. Argi ikusten dugu udalak ez duela inolako interesik espazio honetan, ez eta auzoari eskaintzeko ere.
Eta zein da udalaren jarrera?
E.A.: Udalaren jabetzakoa da eraikin hau. Hamar urtez Banda Bat elkarteak eta beste hainbat kolektibok modu autogestionatuan kudeatu zuten, eta 2019an itxi zuten hainbat konponketa egiteko aitzakiarekin. Sei urte pasatu dira, ez dute inolako konponketarik egin, ez dago aurrekonturik onartuta. Udalaren jabetza izanik, exijitu dugu bilera hori, auzoko beste kolektiboekin batera adosteko espazio honen kudeaketarako esleipen bat.
N.I.: Egin genuen prentsaurrekoan, argi utzi genuen ez genuela nahi turismora bideratutako eraikin bat izatea, ez eta San Telmo Museoaren zerbait… Auzoan espazioen beharra dago, eta tabernetan egotea beste alternatibarik ez dago. Bi parke ditugu, baina euria egiterakoan ez duzu non sartu. Gure atzetik datozen gazteei eskaini nahi diegu lasai egon eta gauzak antolatu ahal izateko gune bat. Egitaraua horretara bideratuko dugu: hitzaldi politiko eta kontzertuez gain, tailerrak eta ikastaroak ere izango dira.
Kijerako kolektibo ugari bildu ziren udalarekin.
E.A.: Esperientzia garrantzitsua izan zen, besteak beste, udal gobernua, orain dauden alderdiekin, lehenengo aldiz eseri zelako auzoko eragileekin esleipena adosteko, mahia gainean proposamen bat jarriaz. Aurrekari hori egon da. Beraz, udalak esan dezakeen arren ez duela tresna edo baliabiderik esleipen hau zuzenean eragileei emateko, gezurtatuta gelditu zen. Udalak baditu mekanismoak gurekin akordio bat lortzeko.
Eta gaur gaurkoz, zer?
E.A.: Urtebete baino gehiago daramagu bileraren zain, eta hemen, bi aste baino gehiago. Auzoko hamahiru eragileren babesa dugu, eta hala ere ezer ez. Bilerak baino gehiago, orain kezkatzen gaituena da udalak hau hustu nahi izatea, eta horretarako prestatzen ari gara, protokolo batekin. Bilera egin ez, eta gu kaleratzea ausartzen badira, emango dugun erantzunak zer esan handia emango du.
«Bilera egin ez, eta gu kaleratzea ausartzen badira, emango dugun erantzunak zer esan handia emango du»
Gainera, espazio hau jada autogestionatua izan da.
E.A.: Banda Bat elkartea hasi zen kudeaketan, eta hamar urte horietan asko aldatu zen izaera eta bertan parte hartzen zuen jendea, asanblada autogestionatu bihurtuz. Prest gaude, udalaren jabetza izanik, akordio bat erdietsi eta modu formal eta legalean kudeatzeko. Honen atzean dagoen irakurketa da espazio honek auzotarron beharrei erantzun behar diela eta inolako eredu komertzial edo irabazi asmorik gabe funtzionatu behar duela. Gure baldintzak horiek dira. Asanblada gisa eta auzo gisa nahikoa baliabide eta gaitasun ditugu espazio hau kudeatzeko, modu autogestionatuan
Kultur eskaintza herrikoi baterako behar handia dago hirian.
N.I.: Dokak itxi ostean, are gehiago. Donostiako eta Euskal Herriko musikariek ez dute ia tokirik jotzeko, ez bada jaietan edo Dabadaba alokatuta. Hau izan daiteke etorkizunean paper hori betetzen duen espazio bat. Euskal Herriko talde handiak gaztetxeetan hasi dira jotzen, eta horretarako prest gaude. Gune irekia izatea nahi dugu, eta, batez ere, euskal kultura zabaltzeko tresna izatea.
E.A.: Hala ere, aipatu nahi dugu, Guardetxea asko lotu dela parrandarako esparru batekin, eta fase berri honetan hori ere gainditu nahi dugu. Ez dugu mugatu nahi kontzertu eta parrandarako espazio bat izatearekin; formazioa eta antolakuntza sustatu nahi ditugu.
Auzoko dozenaka eragilek babesten dute proiektua.
N.I.: Herri kirol taldea, euskara taldea, Karmengo Jai Batzordea… eragile horiei guztiek dituzten beharrak asetzea da gure asmoa. Hitzaldiren bat egin nahi badute, hemen dute lekua, eta herri kirola taldeak, euria egitekotan, hona igotzeko aukera… Helburua da eragileei ematea auzoak ematen ez diguna.
E.A.: Auzoko eta hiriko eragile ugariren babesa jasotzen ari gara, arrazoi sinple batengatik: hiria merkantilizatzen ari da eta bizilagunak kanporatuak izaten ari gara. Horrelako espazio batek modu oso errazean ahalbidetzen du saretzea eta ehun komunitarioaren babesa eta arnasgunea izatea.