«Talde gisa beraiek baino hobeak izan behar dugu»
Azken txanpa bikain bati esker, Gipuzkoa Basketek ACB ligara igotzeko kanporaketak jokatuko ditu. Final-laurdenetan Estudiantes gainditu beharko dute Lauko Finalera iristeko. Erronkari heltzeko prest dago Mikel Odriozola (Aiete, 1989).

Gipuzkoa Basketek bete du denboraldiko oinarrizko helburua?
Denboraldiaren hasieran, gure helburua kanporaketak jokatzea zela adierazi genuen. Beraz, bai, bete dugu helburua.
Bidea, ordea, ez da batere erraza izan. Nola lortu duzue ACB ligara igotzeko kanporaketetara sailkatzea?
Egia esan, gorabeheratsua izan da denboraldia. Hasiera ez zen guztiz txarra izan, baina abendua, urtarrila eta otsaila bitartean partida asko galdu genituen. Gaizki aritu ginen eta taldeak ez zuen maila eman. Halere, momentu horietan burua hotz mantentzea eta pazientzia izatea garrantzitsua izan zen.
Momentu txarrari buelta emateko, taldearen egituran aldaketa batzuk egin genituen. Ordutik aurrera, jokoak eta talde dinamikak hobera egin zuten, lesio gutxiago izan genituen, eta, batez ere, defentsako lanean nabarmen hobetu genuen. Ligako talde onenen artean gaude defentsari dagokionez. Horrez gain, taldeko giroa asko aldatu zen, eta alaitasun puntu batekin jokatu ditugu azken neurketak, eta, noski, emaitzetan nabari da.
Taldeak noiz irauli zuen egoera bolada txarretik onera pasatzeko?
Alacanteko eta Palentziako porrotak aipatuko nituzke, biak azken unean galdu genituelako. Halere, Cartagenako porrotarekin jo genuen hondoa, oso gaizki jokatu genuelako. Handik bueltan, egoerari buelta emateko unea zela konturatu ginen. Valladolidi Illunben nahiko erraz irabazi genion, eta hurrengo jardunaldian, Kantabria gainditu genuen Torrelavegan, luzapena jokatuta. Orduan konturatu ginen gai ginela dinamika on bat hartu eta kanporaketen bila joateko. Lanean jarraitu genuen, pixkanaka eta apal, eta azken hamaika jardunaldietan egoera irauli genuen.
Entrenatzaile gisa, nolakoa izaten ari da denboraldi hau kudeatzea?
Horri buruz hausnartu dut azken egunetan. Orain arte, buru-belarri aritu naiz taldea ligako sailkapeneko lehen postuetara eramateko. Kanporaketetara sailkatu ondoren, errazagoa da fokua beste leku batzuetan jartzea. Ikasketa eta aldaketa prozesu etengabe bat izaten ari da, momentu txarrekin eta onekin.
Azken batean, aurreneko aldia da lehen entrenatzaile gisa ari naizela. Aurretik, bi urte eman nituen laguntzaile moduan. Kirol profesionala zer den ikasten ari naiz, eta asko ikasten. Urtez urte eta astez aste hobetzen duzu, eta ligak duen gauzetako bat da ez bazara kapaz astero hobetzeko, atzean geratzen zarela. Horrek behartzen zaitu aurrera egiteko.
Helburua beteta, Estudiantes duzue zain final-laurdenetan. Ligako hirugarren sailkatua eta arerio gogorra. Kanporaketa gainditzeko zer da egin behar duzuena?
Sekulako lana. Estudiantes ACB ligan aritu izan den taldea da, eta maila horretan aritu diren zortzi edo bederatzi jokalari dituzte. Esaterako, Jayson Granger, Baskoniarekin Euroligan aritu izan dena. Indibidualki indartsuak dira, eta, beraz, guk talde gisa beraiek baino hobeak izan behar dugu. Lortzen badugu, kanporaketa gainditu dezakegu.
Ez da gauza bera fase erregularreko bi partidak jokatzea edo kanporaketa bat lehiatzea. Lauko Finalera sailkatzeko sasoi puntu onean zaudetela uste duzu?
Bai, batez ere, mentalki. Jokalari gutxiagorekin iritsi gara kanporaketetara, bik min hartu dutelako, baina ez da aitzakia izango gaudenok erronkari aurre egiteko. Esan moduan, azken asteotan defentsako lana egonkortu dugu, errebotean lan nahiko ona egin dugu eta partiden erritmoa kontrolatzen asmatu dugu. Hori bera mantendu, eta erasoan fin ibiltzen bagara, ezustekoa eman dezakegu.
«Ikasketa eta aldaketa prozesu etengabe bat izaten ari da, momentu txarrekin eta onekin»
Azken batean, orain helburua Lauko Finalera iristea da, ezta?
Behin sailkatuta, Lauko Finala jokatzea da helburua. Kanporaketa honi dagokionez, presioa Estudiantesek duela esango nuke. Beste era bateko proiektua da, talde historikoa, diru gehiago dute, eta maila gorenera itzultzeko beharra. Gure errealitatea beste bat da, baina baliteke gure ilusioa handiagoa izatea.
Gaur eta etzi jokatuko dituzue kanporaketako lehen bi partidak. Prest zaudete?
Fokua Madrilen jokatuko ditugun bi partida horietan jarrita entrenatu dugu. Ez dugu harago begiratu nahi, lehendabizi neurketa hauetarako prestatu duguna kantxara eraman nahi dugulako. Gustatuko litzaiguke gaurko partida irabaztea, eta galduz gero, ea igandean lortzen dugun helburua.
ACB ligara itzultzeko aukera, une honetan, gertuago ikusten duzu?
Lehenik eta behin, Lauko Finalera iritsi nahi dugu. Horretarako, Madrilen ezustekoa eman eta Illunben hilaren 23an eta 25ean jokatuko ditugun neurketak irabazi nahi ditugu. Helburua lortzen badugu, noski, ACB ligara begira jarriko gara.
Donostiar gisa, Gipuzkoa Basket maila gorenera eramatea da zure helburu pertsonala?
Ez dut horretan pentsatu. Saskibaloia gustuko dut, eta entrenatzaile moduan urtetik urtera noa, helburu zehatzik gabe. Une honetan, gehien arduratzen nauena da Gipuzkoa Basketekin nire lana ondo betetzea.