Terrazei buruzko araudiaren aplikazioa «saturazioaren eta afekzioaren» araberakoa izatea nahi du EH Bilduk
Araudiaren aldaketaren harira, EH Bilduko udal taldeak bere proposamenen berri eman du ohar batean.

Maiatzako udalbatzarrean 2015etik indarrean dagoen terrazei buruzko ordenantzaren aldaketa eztabaidatuko dute, baina, aldez aurretik, astelehenean, hilak 19, Espazio Publikoaren, Obren eta Hiri Zerbitzuen Batzordean ordenantzaren aldaketaren hasierako onarpena bozkatuko dute. Horren harira, EH Bilduk bere proposamenari buruzko azalpenak eman ditu ohar batean, eta aurreratu duenez, araudiaren aplikazioa homogeneoa ez izatearen alde egingo du, hau da, hiriko eremu saturatu eta ez saturatuetan desberdin aplikatzearen alde, “terrazek eragindako saturazioa eta afekzioa” desberdinak baitira auzoaren arabera.
Idatzian jaso dutenez, ostalaritzarako jabari eta erabilera publikoko lurzoruen okupazioak arautzen dituen ordenantzan gailendu beharreko printzipio batzuk daude:
- Ez da inolaz ere lehenetsi edo erraztu behar ezein sektorek espazio publikoa pribatizatzea. Alde horretatik, ez datoz bat EAJ-PSEren gobernuak proposatutako aldaketekin, “terrazei eskatzen zaizkien baldintzak malgutzearekin, batez ere, espazio gehien pribatizatzen duten establezimenduei dagokienez”, hala nola, 4. kategoriaren kasua, lau aldeetan erabat itxita dagoen azpiegitura, ezta egungo “ikuskapenei eta eskakizunei uko egin nahi izatearekin ere. “Planteatzen diren aldaketa batzuk gainbegiratze eta ikuskatze-lan proaktibo baten kalterako dira.
- Terrazek irisgarritasuna bermatu behar diete inguruko bizilagunei eta herritarrei, baita zerbitzu publikoei eta larrialdi zerbitzuei ere, besteak beste. “Kezkatzen gaitu udal gobernuaren aldatzeko hainbat proposamen kontrako norabidean joateak.
- Gune horietan sortzen diren jardueren eraginak inguruan bizi direnen kexa iturri izan ohi dira, horregatik, ostalaritza zerbitzurako “arrazoizko ordutegia” bermatuz, lehentasuna pertsonen atsedenak izan behar du.
- Beharrezkoa da bizilagunek terrazen instalazioa onartzea jabetza pribatuko, baina erabilera publikoko espazioak okupatzen dituztenean, adibidez, arkupeak.
Horrez gain, bi gai gako ere aipatu dituzte oharrean. Batetik, udaleko zenbait sailek egindako txosten teknikoetan aitortzen dute “gutxieneko kalitate batekin” ekarpenak egiteko izan duten “presa eta zailtasuna”, baita udal gobernuaren proposamenaren desegokitasuna ere, kontuan hartuta ordenantza malgutu egiten dela aipatu printzipio horien kaltetan. Halaber, jasota geratu da akats moduan jasotzen dela «Terrazen Ordenantzaren parte-hartze prozesura gonbidatu ez izana kolektiborik kaltetuenetako batzuk, hala nola, desgaitasunekoak, hirian ordezkaritza zabala dutenak». Bestetik, “larritzat” jo dute 4. kategoriako terrazak duela hamar urtetik hona mantendu diren irregulartasuna aitortzea eta denbora horretan guztian horri buruz jardun ez izana. “Gogora dezagun espazio publiko bat modu iraunkorrean okupatu eta pribatizatzen duten terrazak direla. Gobernuaren neurriek esparru itxiak sustatzen dituzte, espazio publikoaren erabilerarekin malguagoak diren eta hain inbaditzaileak ez diren beste tipologia batzuk sustatu beharrean”.