Udaltzaingoa Guardetxea husten saiatu dela salatu du AZGAk

Gaur eguerdian, 12:00etan, Udaltzaingoaren bi patruila hurbildu dira Guardetxera, eta bertan zeuden bi gazte identifikatu dituzte. Alde Zaharreko Gazte Asanabladak salatu du eraikina husteko asmoz joan direla, eta jakinarazi dietela, ” hainbat zinegotzik salaketa jarri ostean, desalojorako prozesu judiziala martxan” dagoela.
Duela bi aste okupatu zutenetik, 24 orduko “erresistentzia” txandak egiten ari dira gazteak, bertan lo egiten. Hain zuzen, bertan zeuden gazteak izan dira identifikatutako bi lagunak. Azaldu dutenez, identifikatu ostean joan dira udaltzainak.
“Desalojo saiakera” gisa definitu du AZGAk egoera, eta Guardetxea defendatzeko deia egin dute. Hain zuzen, gaur arratsaldean, elkarretaratzea egingo dute udaletxe aurrean, “desalojoaren kontra” eta negoziatzeko deia eginez.