Sarek «salbuespen legeak» amaitzeko aletxoa jarri du Antiguan

Euskal Herriko hainbat herri “batu” egin ditu Sarek asteburu honetan, euskal presoen eskubideen alde, “konponbidearen” aldeko “puzzle bat” osatuz. Lesakan hasi da ekimena, eta, Donostian, seigarren geldialdia egin dute, Antigua auzoan, bertako preso Maixol Iparragirre gogoan.
Sarek gogora ekarri duenez, datorren urtean ETAk bere jarduera amaitu zuela 15 urte beteko dira, eta, oraindik orain, hainbat dira “salbuespen legeak medio” etxerako bidea “oztopo duten” euskal presoak. Puzzlea osatu arte deitu diogun ekimenean, zigorra erregimen itxian betetzen ari diren presoak eta haien herriak ardatz izango dituen ekimena burutzea dugu helburu
Espetxe eta bergizarteratze politikak zigorraren azken urteak erregimen irekian betetzeko aukera ematen die preso guztiei oro har. Euskal presoen kasuan ordea, “salbuespen politika da bide horren oztopo eta lege arrunta aplikatuko balitzaieke, euskal presoen %100ak beteko lituzke kalera irteten hasteko baldintza horiek”, salatu dutenez.
“Herri honetan bizi izan dugun gatazkaren ondorioen konponbidearen logikan, biolentzia ezberdinen biktimek merezi eta behar duten egia eta aitortzarekin batera, lege arrunta aplikatu eta urteetan zehar luzatu den eta egun oraindik sufrimendua eragiten duen euskal presoen auziarekin amaitzeko baldintzez ari gara, etorkizunari begira jarri eta elkarbizitzari ekarpenak egiteko baldintzez”.
Euskal Herrian dauden espetxeetan zigorra betetzen ari diren 117 presoetatik, batzuk erregimen irekian egiten dute, 100.2 edo hirugarren gradua, baina Sareren datuen arabera, 58 dira egun zigorra erregimen itxian betetzen ari diren euskal presoak, eta 29 dira preso horiek barnebiltzen dituzten herriak. 29 herri horiek lotu dituen ekimena da, hain zuzen, Puzzlea osatu arte.