Torturen bidez eraikitako frogen ondoriozko zigorrak indargabetzeko eskatu du Torturatuen Sareak

Agerraldi garrantzitsua egin dute gaur Donostian Euskal Herri osoko dozenaka torturatuk. Iratxe Sorzabalen epaiketan Espainiako Auzitegi Nazionalak aurreko astean ezagutzera eman zuen ebazpena “historikoa” izan dela iritzi dute, eta torturaren errekonozimenduan urrats gehiago eskatu dituzte.
Espainiako Auzitegi Nazionalak Iratxe Sorzabal Guardia Zibilak torturatu zuela “aitortu” zuelako egin dute Torturaren Sareko kideek agerraldia: “Hamarkadetan tortura ukatu eta ahalbidetu duen auzitegi horrek lehenbiziko aldiz onartu du euskal herritar baten kontra tortura erabili dela”.
Iratxeren tortura kasuak “argiki” azalarazten duen “tortura sexista” salatu dute baita ere. Inkomunikazioa, eraso sexualen mehatxuak, biluzik egindako galdeketak, ukituak, orientazio sexuala zalantzan jartzea, bortxaketak, tortura psikologikoak, isekak eta irainak, edota militante politiko gisa jasandako gutxiespenak… Hamaika izan dira aipatu dituzten tortura motak eta uste dutenez, “horrek guztiak ukatua eta isilarazia jarraitzen du Euskal Herrian maila publiko-politikoan”.
“Erantzukizun publikoak hartzeko ordua” ere badela iritzi dute, “torturaren aplikazioa Euskal Herrian sistematikoa izan delako”. “Torturaren aplikazioan epaileek parte hartu baitute, mediku forentseek, hedabideek, hainbat indar politikok… Erantzukizun hori publikoki onartzea ezinbestekotzat jotzen dugu, torturatuen aitortza eta erreparazioaren bidean aurrera egiteko”, adierazi dute.
Honela, Eusko Jaurlaritzari eskaera zehatz hau egin diote: “Torturatuok aitortza ofizialerako eskabideak bideratu ahal izateko EAEko aitortza eta erreparaziorako 12/2016 Legea ireki dezala, bere denbora esparrua zabalduz”.
Sorzabalen kasuak hamarkadetan “estalia” egon den errealitate bat mahai gaineratu duela uste dute: “torturaren ondorio penalena”. “Torturaren onarpenak absoluzioa ekarri du lehen aldiz, baina zenbat zigor eta espetxe-urte ekarri ditu orain arte tortura ez onartzeak? Zenbat lagun izan gara zigortuak hamarkadotan, eta zenbat daude oraindik espetxean torturapean behartutako autoinkulpazioen ondorioz? Eta zenbat izanen ginateke absolbituak, ebazpen honetan egin bezala, torturatuak izan ginela onartuko balitz?”.
Honela, sareak ezin du ontzat eman jendeak espetxean jarraitzea torturen bidez behartutako autoinkulpazioen ondorioz. Horregatik, Euskal Herriko Torturatuen Saretik dei egin diete instituzioei, alderdiei eta giza eskubideen aldeko eragileei horretaz gogoeta egin eta konponbiderako bideak bilatzeko esku har dezaten.