Auditz Akular Eguna antolatu dute larunbaterako Altzan

Auditz Akular Eguna antolatu du Altza XXI herri ekimenak larunbat honetarako (hilak 24), Eguzkitza gainan (Pistolen zelaia gisa ere ezaguna), Auditz Akular berdegunearen balio ekosozialak nabarmentzeko. Altzako Euskaraldiaren barruan antolatu dute egitasmoa.
Berriki, Auditz Akularreko balio ekosozialen inguruko azterlana ondu du Marko Sierra ingeniari agronomoak, eta ikerketa horretatik ateratako ondorioetan oinarrituta, eremua “babestu beharreko harribitxi bat” dela nabarmendu du Altza XXIk. “Altzatar, pasaitar eta donostiar guztiak” gonbidatu dituzte “jai eta aldarrikapen egun handi hau ospatzera”.
10:00etan hasiko da festan, piknik mahaiak muntatu eta Eguzkitza parkeko panela inauguratuz. Porrotx pailazoak parte hartuko du egitasmoan: “Auditz Akularren lagunak 2010ean ere parte hartu zuena banderola berdearen kanpainaren hasieran”, gogoratu du herri ekimenak.
Hain zuzen ere, “Altzako balkoietatik banderola berdeak zintzilikatzea bultzatuko duen kanpaina berri baten hasiera” iragarriko dute larunbatean, “berdegune gehiago eta zementu eta hormigoi gutxiago eskatzeko”: “Altza XXIetik publikoki gaitzetsi ditugu udalaren asmoak, Plan Orokor berriaren idazketan 4.200 etxebizitza berri baino gehiagorekin mehatxatzen baitu berriro Altza, egungo etxebizitza parkearen eta biztanleriaren %50 handituz, etxebizitza dentsitate handiagoa jasan ezin duten eremuetan (Oleta, Roteta, Zardoya-Otis…)”.