Udalak bat egin du aldundiak Uliako sexu erasoaren harira egindako gaitzespenarekin

Donostiako Udalak bat egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak asteartean izandako sexu erasoaren aurka emandako gaitzespen mezuarekin. Halaber, biktimari eta haren inguruari elkartasuna adierazi dio, eta behar dituen informazioa eta udal baliabideak jarriko ditu haren osatze eta erreparazio prozesuan laguntzeko.
Izan ere, Ertzaintzak bi gizon atxilotu zituen asteartean, astelehenetik astearterako gauean adin txikiko emakume baten aurkako sexu erasoa egitea leporatuta; beste bi gizon ere ikertzen ari dira, sexu erasoarekin lotura dutelakoan. Uliako aparkaleku batean gertatu zen sexu erasoa, eta adingabea Gipuzkoako Foru Aldundiaren tutoretzapekoa da.
Aldundiak “erabat” gaitzetsi du erasoa eta “biktimarekiko eta haren inguruarekiko erabateko babesa eta elkartasuna” adierazi du. Era berean, eskatu du “Ertzaintzak bere lana zorroztasunez eta erantzukizunez egin ahal izatea”. “Gipuzkoako Foru Aldundiak hasieratik jarri du salaketa, eta beharrezko jarduketa neurri guztiak hartu ditu, adingabearen babesa, zaintza eta jarraipen osoa bermatzeko, hori baita erakunde publikoaren lehentasuna”, gehitu du.