Udalak eta aldundiak 1,2 milioi euro bideratuko dituzte Bruce Springsteenen kontzertuen antolaketara
Get In promotorea da kontzertuen antolatzailea eta dirua jasoko duena. Springsteenek ekainaren 21ean eta 24an joko du Anoetan.

Bruce Springsteen The Boss musikari estatubatuarrak The E Street Band taldearekin Donostiako Anoeta estadioan eskainiko dituen bi kontzertuak (ekainak 21 eta 24) diruz lagunduko dituzte erakunde publikoek. Zehazki, 1,2 milioi euroko ekarpena egingo dute Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, erdibana; 500.000 euro bakoitzak, gehi %21eko BEZa. Hala onartu zuen asteartean udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak, nahiz eta ondoren Eneko Goia alkateak emandako prentsaurrekoan eta hedabideei helarazitako prentsa oharrean aipamenik ez egin.
Get In promotore donostiarra da kontzertuen antolatzailea, eta, beraz, berak jasoko du dirua. Udaleko iturriek azaldu dutenez, “Donostiako Udalak hiriarentzat interesgarriak diren ekimenak bultzatu eta sustatzen ditu (kirol, kultur edo gizarte mailakoak…) eta horietan guztietan eskatzen zaion eta behar den laguntza eta inplikazioa eskaintzen du. Kasu guztiak ezberdinak dira, eta batzuetan laguntza hori zerbitzu, azpiegitura eta antolamendu baliabideetan gauzatzen da, bestetan berriz diruz lagunduta”.
Gogoratu behar da Rammstein taldeak ere iazko ekainean jo zuela Anoetan eta Fermin Muguruzak ekainaren 14an joko duela. Hain zuzen ere, udaleko iturriek azaldu dutenez, Rammsteinen kontzertua zerbitzu, azpiegitura eta antolamendu baliabideekin lagundu zuen udalak, eta Muguruzarena ere hala laguntzea aurreikusten dute.
“Eragin ekonomiko handia”
Springsteenen kontzertuak diruz laguntzeko kreditu gehigarriaren justifikazio txostenak, Eneko Goia alkateak sinatutakoak, dio “kultura eta aisialdi programa aberasten laguntzeaz gain, Donostiak nazioarteko kontzertu eta bira handien zirkuituan duen posizioa berreskuratzen” duela The Bossen emanaldiekin, eta “garrantzitsua” dela “makrokontzertu horiek hartzen dituzten lurraldeetan sortzen duten eragin ekonomiko, sozial eta turistikoa nabarmentzea”.
Era berean, txostenean gogorarazi dute estatubatuarrak “Europan egingo duen biran estatuan emango dituen bi kontzertu bakarrak” direla Anoetakoak, eta horrek “indartu” egiten duela “bai bertakoentzat bai bisitarientzat izan duen erakargarritasuna, sarrerak agortu egiten baitira salgai jarri eta gutxira”.
“Aurreko esperientziengatik, eta kontuan hartuta sarrera erosi duten pertsonen %75 Donostiatik eta Gipuzkoatik kanpokoak direla, eragin ekonomiko handia izango du. Azken batean, bi kontzertu handi horiek Donostian egitea oso garrantzitsua da, bai kulturaren, ekonomiaren eta gizartearen eremuan duen eraginagatik, bai komunikabideen eremuan, ikuskizuna hartzen duen hiriaren irudia eta publizitatea itzultzeari dagokionez”, gaineratu dute txostenean.