Uliako sexu erasoaren harira atxilotuetako bat espetxera bidali dute

Martuteneko kartzelara bidali dute astelehenetik astearterako gauean Uliako aparkalekuan izandako sexu erasoaren harira Ertzaintzak atxilotu zituen bi gizonetako bat. Hala onartu du kasua ikertzen ari den epaitegiak, Fiskaltzaren eskaerari erantzunez, Efe albiste agentziak argitaratutako informazioaren arabera.
Bi atxilotuek epailearen aurrean deklaratu zuten asteazkenean, eta horietako bat aske uztea eta beste espetxera bidaltzea erabaki dute, behin-behinean. Beste bi gizon ere ikertzen ari dira sexu erasoarekin lotuta, eta horiek ere epailearen aurrean deklaratu dute dagoeneko, baita aske gelditu ere. Hala ere, kasua ikertzen jarraitzen dute.
Adin txikiko emakume bat da sexu erasoaren biktima, Gipuzkoako Foru Aldundiaren tutoretzapekoa. Donostiako Udalak eta aldundiak babesa adierazi diote azken orduotan emakumeari eta haren ingurukoei.