Euskara harrera hizkuntza izan dadin Donostian
Euskaraldia amaitzen ari den honetan, eztabaida eta gogoetak egiteko unea dela dirudi. 'Ahobizi' eta 'belarriprestez' gain, hain zuzen, euskaraz bat ere ez dakiten herritarrengana nola hurbildu? Eta, hor, nola jokatu gure herrira etorri berri direnekin? Bagera elkarteak hilabeteak darama harrera prozesuetan euskara nola txertatu gogoetatzen, eta biharko jardunaldietan izango da aukera gogoeta horiek entzun eta partekatzekoa.

Asteazkenero elkartzen da taldea. Batzuetan hamalau, beste batzuetan lau, baina nahiko talde iraunkorra da. Jatorri atzerritarra duten arren, Donostia dute bizileku, eta ahaleginak egiten ari dira euskara ikasteko. Erakundeen laguntzak urriak direla eta, Bagera elkarteak duela kasik 15 urte martxan jarri zuen Auzoko programari esker, lehenengo hurbilpena egiteko aukera dute ehunka herritarrek.
Hori eta beste hamaika egitasmo jarri ditu mahai gainean euskalgintzak azken urteotan. Baina «nahikoa ez dela» uste du Bagera elkarteak. Larunbatean, Harrera eta euskara jardunaldiak antolatu ditu, hain zuzen, Bagerak. Bi urtean behin egiten dituzte Donostiako Euskaltzaleen Topaketak, eta hiriko euskaltzaleen komunitatean eragitea dute helburu. «Nola egin Donostiara bizitzera etorri diren herritarrei harrera linguistikoa? Ganoraz egiten al da egun? Zein estrategia jarri behar ditu martxan euskalgintzak?». Galdera horien bueltan arituko dira.
Antolakuntzan dabiltza Amets Ibero eta Aiora Enparantza Bagerako langileak. Azaldu dutenez, euskalgintza «bere horretan» ari da gai hau asko lantzen. «Ez hainbeste kulturartekotasuna, baizik eta harrera eta harrera linguistikoa bera nola egin». Iaz jardunaldiak egin zituzten Gasteizen, eta aurten jarraipena egingo dute. Bagerak parte hartu zuen, eta gaiari zentraltasuna eman nahi diote: «Euskaldunok euskara gehiago erabiltzearen ideiak jarraitzen du garrantzia izaten, baina euskaldun berriak sortzea ere estrategikoa da».
Harrera linguistikoa
Baina zer da harrera linguistikoa? Enparantzak azaldu duenez, harrera linguistikoa ez da euskara ikastea soilik: «Hemen dagoen errealitate linguistikoa ezagutaraztea da; gaztelaniaz gain beste hizkuntza bat dagoela, dituen berezitasunak…». Eta zehaztu duenez, «ez da soilik gurea azaltzea», baizik eta bi aldeetatik ikastea. «Ez du zentzurik euskarari buruzko sermoia sartzea etorri berri den pertsona bati, ez dakizunean ezer beraren bizitzari buruz, ez eta beraren aurrekari linguistikoei buruz ere. Kultur aniztasun eta kulturartekotasun kontzientzia horretatik egin behar da lan».
Iberok gehitu duenez, «harrera prozesu oso bat emateko harrera linguistikoa ere egin behar da». Harrera linguistikoa prozesu bat da, harrera prozesuaren baitan: «Ez duzu iritsi berritan euskara ikasten hasi behar. Hurbilpen bat izan daiteke, eta denborarekin, ikasten hasi. Askok, adibidez, seme-alaben bitartez konektatzen dute».
Bageraren ustez «euskaldunok euskara gehiago erabiltzeaz» gain, «euskaldun berriak
sortzea» estrategikoa da
Euskalgintzak «komunitate oso sendoa» osatzen du Donostian, Bagerako kideen ustez. «Gu esparru horren baitan kokatzen gara, baina eragile mordoa dago. Uste dugu euskalgintzak bere helburuen barnean sartu behar duela harrera linguistikoa. Harrera prozesuetan, euskaltzaleok presente egon behar dugu», dio Enparantzak. Topaketetan hori irudikatu nahi dute: «Zer baldintza sortu behar ditugu euskalgintzan komunitate migratuekin geurera hurbiltzeko?».
26.000 atzerritar Donostian
Bagerak eskainitako datuen arabera, atzerritar jatorriko biztanleak %9,2 igo dira 2003tik 2023ra bitarteko garaian EAEn. 2003an %3,2a osatzen bazuten, gaur egun EAEko biztanleriaren %12,4a osatzen dute. Aldagai hauek Donostiara ekartzen baditugu, antzeko joera ikusi dezakegu. Izan ere, Eustaten datuei erreparatuz gero, atzerrian jaiotako donostiarrek biztanleriaren %3a besterik ez zuen osatzen 2001 urtean; aldiz, 2024an, biztanleria osoaren %14,5a osatzen duten 26.499 bizilagun dira atzerritar jatorrikoak.
Honen baitan, «garrantzitsua da azpimarratzea», Donostiara etortzen diren pertsona gehienek «jada hezkuntza prozesua amaitua dutela eta ez direla bertako hezkuntza sistema euskaldunetik pasako». Hau da: euskara ez dute hezkuntza sistemaren bitartez jasoko. Izan ere, —beti ere, Bagerak eskainitako datuen arabera— atzerritar jatorriko 18 urtetik gorako EAEko biztanleriaren % 46,2ak ez daki ezer ere ez euskaraz, %35ak hitz batzuk ulertzen ditu, %12,1ak zeozer ulertzen du eta soilik %6,7ak ulertzen du euskara ondo ala oso ondo.
Donostiako euskararen azken datuei erreparatzen badiegu, aldiz, 2021an biztanleriaren %47a zen euskalduna eta %21a ia-euskalduna. Bi datu hauek elkartuz, donostiarren %68arekin euskaraz hitz egiteko ahalmena izango genukeela ondorioztatu dezakegu; eta bestalde, erdaldunek Donostiako biztanleriaren % 32a osatzen dute. Bagerak onartu duenez, euskararen erabileraren datuak askoz ere «kezkagarriagoak» dira: 2021eko kaleko neurketak donostiarren %15,3ak erabiltzen zuela erakutsi zuen. Zifra hau 2001etik egonkortu egin bada ere, 2006ko %18,2tik urrun geratzen da.
Herri mugimenduarekin batera
Bagerak uste du Donostian harreraren inguruan herri mugimendu sendo bat ari dela gorpuzten. Eta ez hori soilik, Iberoren hitzetan, gaur egun harrera egiten duten kolektiboetan «euskaltzale mordoa» dago. «Kaleko Afari Solidarioak, Harrera Sarea, Kolore Guztiak… Eragile guztietan daude euskaltzaleak, baina ez daude antolatuta. Horregatik, bihar, eragileak bilduko ditugu eta egoeraren inguruko haien hausnarketak jaso».
Beste aldetik, onartu dutenez, euskalgintzaren baitan, iritzi «ezkor» ugari dagoela uste dute Bagerako kideek: «Ez dute euskaraz ikasten, ez dute ikasi nahi izan…». Aurreiritzi horiek aldatu behar direla dio Enparantzak. «Iritsi berri den pertsonari ikasteko eskatzen diogu, baina gu ez gara hurbiltzen, ez diogu ezer eskaintzen, ez dakigu ezer haiei buruz… hau izan da euskalgintzak eduki duen jarrera eta da aldatu nahi duguna», gaineratu du.
Ongi Etorri Eskolara
Harrera linguistikoan lan ikaragarria egiten dute Ongi Etorri Eskolarakoek, kultur aniztasuna landu, eta familiak euskarara hurbiltzeko. Elkarteko kide Lola Boludak azaldu duenez, Donostialdeko hainbat ikastetxetan egiten dute lan eta familia berri bat ikastetxera etortzen den bakoitzean, haiekin elkarrizketa bat izaten dute; berdin irailean matrikulatu direnekin edo ikasturte erdian sartu diren gurasoekin: «Euskararen inguruan hitz egiten diegu, eta zergatik den garrantzitsua guretzat. Ez soilik euskara, Euskal Herriaren historia ere irakasten diegu: zergatik euskaldunak diren horren militanteak euskararekin, bertan jaiotakoentzat duen garrantzia, zer pasatu zen diktadura garaian, hizkuntza minorizatuekin zer gertatzen den —ziurrenik, haien herrialdeetan ere badira galdutako hizkuntzak…—».
Haurrentzat duen garrantzia azpimarratzen dute baita ere: etorkizuna jokoan dutela, eta beharrezkoa izango dutela: «Haur etorri berri batentzat askoz ere garrantzitsuagoa da euskara, bertan jaiotako batentzat baino. Ate guztiak irekita eduki ditzan. Gizarte arrakala dute jokoan eta».
«Gure helburua da familia atzerritarrak barne
sentiaraztea, eta ez
baztertua. Horrek
ekarriko ditu onurak»
Lola Boluda, Ongi Etorri Eskolara
Ongi Etorri Eskolarak parte hartzen duen ikastetxe guzti-guztietan egiten du harrera hau, «familia guztiekin, banan-banan». Ikastetxe batzuk hasi dira protokolo moduko hau martxan jartzen, baina orain arte, ez zuten honelako egitasmorik, Boludak azaldu duenez: «Gero eta gehiago egiten dute, duen garrantziaz ohartuta».
Izan ere, orain arte, askotan, familiei «exijitu» izan zaie euskararekin «inplikatu» daitezen, baina inork ez die behar bezala azaltzen egoera. Aurre lanketa hori «ezinbestekoa da», etsaitasunik sortu ez dadin; «Enpatiarekin hartu eta haiena izango balitz moduan har dezaten».
Ikastetxeetan denborarik ez dagoenez, askotan ez da «asmatzen» diskurtsoarekin: «Euskara ikasi behar du, bestela ez du ikasturtea gaindituko, ez du lanik lortuko…». Mota horretako mezuek «alerta» egoeran jartzen du familia Boludaren ustez, baina «etsaitasun» puntu batekin. Askotan irudikatzen dute euskara «horma» moduan: «Horma bat dut aurrean, eta gainditu behar dut».
Formazioaren garrantzia
Familia Lagunak programan parte hartzen dutenekin formazioa egiten dute: bai familia euskaldunekin, eta baita migratutakoekin ere. Euskarari buruzko gogoeta bultzatzen dute bi familiekin: «Nola landu hizkuntza irizpideak, gurasoen Whatsapp taldeetan zer gertatzen den, nola aurre egin egoera ezberdinei». Familia euskaldunekin kontrako lana egiten dute: «Pazientzia eskatu, bestearen posizioan jartzeko eskatu… Askok uste dute hau Espainia dela, eta, adibidez, Espainiako bandera erabiltzen dute modu natural batean. Tontakeriak dira, baina gogoeta eta pazientzia eskatzen dute».
Familia Lagunetan parte hartzen dutenean, ez dute zertan euskara ikasi behar. «Txipa aldatzea, haurrek euskara ikastea bultzatzea, eta haiek euskarara irekita egotea… hori, jada, urrats handia da».
Arazoetako bat da urrats hori ez dela «ikusten»: «Pertsona horiek ez dute euskara ikasi, ez dute euskara ikastaro batean izenik eman. Baina kontzientzia piztu da». Boludak onartu duenez, oso portzentaje baxua baita ikastaroetan izena ematen duten Familia Lagunakeko kideena.
Boludak azaldu duenez, konplexua da estrategia eraginkor bat sortzea, baina bere ustez bada gako bat argia: «Kontutan hartzea». «Erdaraz bada ere, jardueren parte sentiaraztea. Horrek, gerora, hizkuntzara hurbiltzeko nahia piztuko die».
«Bazterketa sentitzen baduzu, ez zara baztertzen zaituen horretara hurbilduko. Euskarak gehiago irabaziko du, euskaldun erdipurdikoekin, euskararen kontrakoekin baino», dio Boludak.
Azaldu duenez, gerora ikasten dute familia gehienekin: «Oinarrizko beharrak aseak dituztenean, orduan hasten dira ikasten. Hori iristen denerako, baina, beharrezkoa da lehenengo urratsa: euskara ez ikustea baztertzaile moduan»
Erronka nagusiak
Baskale eusko-alemaniar elkarteko Amaia Herreroren hitzak jaso zituen Argia aldizkariko Jone Gartziak erreportaje batean. Migratzaileek euskara ikasteko zituzten zailtasunak jarri zituen mahai gainean, eta honakoak aipatu zituen: «Oinarrizko beharrizanak aseta ez izatea, oinarrizko hezkuntzarik jaso ez izana, alfabetatze maila baxua izatea, latindar alfabetoa ikasi behar izatea edo lehendabizi gaztelania ikasi behar izatea». Egoera soziolinguistikoari lotutako zenbait traba ere aipatu zituen: «Inguruko jendeak euskara ez erabiltzea eta garrantzirik ez ematea, ikasteko motibazio falta eta euskara pribilegioa denaren ideia».
Migratzaileak talde homogeneo gisa ikustea da akaso arazoetako bat, eta haien errealitate linguistikoa ez kontuan hartzea. Ez kontuan hartzea, adibidez, gaztelania menderatzen ote duten lehenagotik, edo alfabetoa ezagutzen duten ere. Boludak uste duenez, familia latinoamerikarrek dute euskarara hurbiltzeko zailtasun gehien: «Haiek badute %100ean adierazteko modua. Gaitasun hori dutenez, ez dute beharra sentitzen. Gaztelania oso hizkuntza globala da. Beste jatorri batzuetako familiek —arabiarrek, pakistandarrek…— zailtasun handiagoak dituzte, baina euskara ikasterako orduan, bestelako jarrera bat izan ohi dute».
Aurrera begirakoa
Bagerak egiten duen gogoetaren arabera, euskaltzale komunitatea beti egon da euskaldunen artean euskara sustatzeko indarra egiten. «Orain, komunitatea ireki egin behar da eta euskara ikastea garrantzitsua dela erakutsi behar du. Nola egin ez dakigu, baina eztabaida piztu nahi dugu», dio Enparantzak.
Euskararen kontrakotasuna ez baitator migratzaileen eskutik. Iberok argi du: «Oldarraldi euskarafoboa ez dator migratzaileen eskutik, baizik eta sindikatu eta epaileen aldetik. Falta dena da mekanismoak sortzea, jendea euskarara hurbiltzeko».
Enparantzak gaineratu duenez, «gorroto dutena ez da euskara, euskara ikasteko erraztasunik ez izatea baizik. Guregana etortzen direnek ez dute kontrako jarrera, baina galdetzen digute, ‘zer egin dezaket?’. Interesa dute, baina baliabide falta dago. Guk behin eta berriro eskatuko diegu erakundeei baliabide gehiago jarri behar dituztela, baina uste dugu gu, komunitate moduan, ez garela nahikoa egiten ari».
Boludak ere euskaltzaleengan jarri du arreta. Aipatzen duenez, guraso euskaldunentzat egoera oso zaila da: «Bihotza bitan banatuta dute. Batetik, borroka egin behar dute euskararen defentsan, eta, bestetik, komunitate etorri berrietara zabaldu behar dira, gizatasunagatik, eta, horrek, gaztelerara pasatzea dakar, gehienetan». Edonola ere, Ongi Etorri Eskolarak euskararen alde egin beharreko lana argi du: «Gure helburua da familia atzerritarrak barne sentiaraztea, eta ez baztertua. Horrek ekarriko ditu onurak ».
Euskaltzaleen artean «kontzientzia sortzea» da biharko saioaren helburua: «Aktibatzea eta konturatzea euskalgintzak harreran aktiboki parte hartu behar duela». Konturatzen garenean euskaldunok ere kultura gutxitu bat osatzen dugula hiri honetan, errazagoa izango da gainontzeko kulturekin bat egin, eta egoera iraultzea. •