Euskaraldiak zeregin ugari ekarriko ditu asteburuan auzoetara
Euskaraldia bere azken txanpan sartu da, baina txapak paparretik kendu eta gorde aurretik, igandera bitartean, hiriko auzoetan burutuko dituzten hamaika jardueretan murgiltzeko aukera dute, oraindik ere, 'ahobiziek' eta 'belarriprestek'.

Hamaika egun eta hamaika aukera ekarri ditu Euskaraldiak, euskara erabili eta euskaraz bizitzeko. Auzoz auzo loratu dira jarduerak, eta akaso, baita etorkizun euskaldunago ekarriko duten haziak landatu ere. Epe luzera utzi duena ikusi aurretik, ordea, zer egin bada oraindik; ariketa soziala ez baita amaitu.
Gaurtik igandera arte antolatutako egitasmo guztiak hemen kontsulta daitezke, baina auzoetako esanguratsuenak aipatuta datoz segidan.
Zubietan eta Martutenen euskal karaokea egingo dituzte gaur arratsaldean, eta haren ondoren, bestelako jarduerak etorriko dira. Amara Berriko kaleetan barrena, aldiz, erraldoi eta buruhandiak ibiliko dira, dultzaina doinuak lagun dituztela.
Easo plaza txikian, Amara Eguna aurrera eramango dute txapa tailer, txokolate jana, euskal dantza eta kalejirarekin. Bihar, aldiz, Altzaren txanda izango da: Auditz Akular eguna ospatuko baitute Porrotx eta bere lagunen bisitarekin; eta Antiguan, Euskaraldiko festa egingo dute.
Egian, musika ardatz izango dute bihar goizean. Musika eta Dantza Eskolan tailerra burututa, kalejira egingo dute Ilargi eta eskolako txarangak girotuta. Plaza Haundira iristean, ekitaldia eta talde argazkiaren txanda izango da. Amara Berrin, aldiz, X. AB Krossak hartuko du arratsaldea: haurrentzako jolasekin hasi, lasterketarekin jarraitu, eta .EXE taldearen kontzertuarekin amaituko dute. Aieten, egun lanpetua izango dute, herri kirolen bueltan. II. Aieteko Herri Jokoak —toka, boloak, ingudea— eta Aiete eta Antigua arteko giza proben desafioak auzotarren jakin-mina piztuko du, ziur.
Igandean, bi bisita gidatu antolatu dituzte. Bata, Antzoki Zaharretik abiatuko den Bertsolaritza Donostian barrena, eta bestea, Ategorrietako tren geltokitik irtengo den Bidean dauden auzoko historiaren aztarnak.