Kanporaketa irauli beharko du Gipuzkoa Basketek, ACB ligara igotzeko borrokatzen jarraitzeko

Zaila dauka Gipuzkoa Basketek, baina ez ezinezko. ACB ligara igotzeko final-laurdenetan murgilduta dago, Estudiantesen aurka, eta joan den asteburuan lehenengo bi partidak galdu bazituen ere, kanporaketa iraultzeko itxaropenarekin hasiko dute asteburua. Hain zuzen ere, gaur bertan jokatuko dute lehenengo neurketa, etxean, 20:30ean. Hori irabaztea da donostiarrek duten aukera bakarra kanporaketan bizirik jarraitzeko, bost partidatik hiru irabazi behar baitira finalerdietara pasatzeko eta Estudiantesek bi ditu irabazita dagoeneko. Horrela, irabaziz gero, igandean jokatuko litzateke kanporaketako laugarren partida, eta donostiarrek bosgarren partida jokaraziko lukete igandekoa irabazita. Bosgarren neurketa erabakigarri hori hurrengo ostiralean jokatuko litzateke, Estudiantesen etxean.
Eskubaloian, neurketa erabakigarria dauka Bera Berak, ligako titulurako finalerdietako itzulerako neurketa jokatuko baitu igandean Malagaren etxean. Joanekoa irabazi egin zuten donostiarrek eta, beraz, abantailarekin doaz Andaluziara.
Futbolean, Realeko neskek joan den astean liga bukatu zuten, eta mutilek asteburu honetan bukatuko dute. Ez dute ezer jokoan, baina aho zapore onarekin bukatu nahi dute liga txuri-urdinek. Ez da erraza izango, ordea, Real Madrilen etxean jokatuko baitute, larunbatean.
Liga bukatuko dute asteburu honetan, baita ere, belar hockeyko Realeko neskek, etxean, Sanse Complutenseren aurka. Ez talde batek eta ez besteak ez dute ezer jokoan.
PARTIDAK
Saskibaloia
Gizonezkoen bigarren maila, ACBra igotzeko kanporaketetako final-laurdenak
- Gipuzkoa Basket — Estudiantes (ostirala, 23, 20:30)
- Gipuzkoa Basket — Estudiantes (igandea, 25, 18:00)
Eskubaloia
Emakumezkoen ligako titulurako finalerdiak (itzulerakoa)
- Malaga — Bera Bera (igandea, 25, 12:00)
Futbola
Gizonezkoen liga, 38. jardunaldia
- Real Madril — Reala (larunbata, 24, 16:15)
Belar hockeya
Emakumezkoen lehen maila, 22. jardunaldia
- Reala — Sanse Complutense (igandea, 25, 11:00)