Lasterketa jendetsu eta parekidearekin ospatu du AB Krossak lehen hamarkada

Hamargarren AB Krossa jokatu dute larunbat arratsaldean Amara Berri eta Loiolako Erribera auzoetan barrena. 250 korrikalarik parte hartu dute, ibilbidea behin edo bitan eginez. Hiru kilometroren alde egin dute 50 lagunek, seiak osatu dituztenak, berriz, 200 izan dira.
Olatu morea 19:00etan abiatu da helmuga izango zen IRUTXULOKO HITZAren arku azpitik. Bide ertzetan txaloak eta animoak eman dizkiete dozenaka lagunek, eta Isabel II. kaleko azken luzean, haur ilara zain zuten, besoa luze, bostekoa emateko eske. Aitor Etxeberria Irabazleak gerora jakin du horretan 20 segundo “galdu” izan ez balitu, berak ezarritako 18:16ko errekorra onduko zukeela.
Probestu plazan egin dute sari banaketa, indarberritzeko mokadutxo bat jan ondoren. Opari ugari eman dituzte babesle diren komertzio eta eragileek emanak. IRUTXULOKO HITZA izan da babesle nagusia eta zenbait sari banatu ditu: 20. urteurreneko lotea Ion Alberdik jaso du eta kategoria bakoitzeko lehen amaratarrak, berriz, urtebeteko harpidetza bana. Horiek eskuratu dituzte Eguzkiñe Zabaletak eta Ander Goenagak.
Horien ondoren, lasterketako azkarrenen txanda izan da. Podiumera igo direnak honakoak izan dira: emakumezkoetan, lehenetik hirugarrenera, Eguzkiñe Zabaleta, Nerea Garcia eta Nerea Agirrezabalaga donostiarrak, eta gizonezkoetan, Aitor Etxeberria eta Aritz Garin donostiarrak eta Xabier Unamuno legazpiarra.
Berritsu elkarteak euskararen alde antolatutako lasterketak auzoan errotzea lortu du eta hamarkada honetan sortutako beste erronka bat erdietsi du gaur: parekidea izatea. Are gehiago, gaur emakumezkoak izan dira nagusi. Bilakaeran alde handia nabaritu badute ere, zer egin badela uste dute antolatzaileek, lasterketa luzean oraindik ere aurretik baitaude gizonezkoak.
50 boluntario aritu dira prestaketa lanetan murgilduta arratsalde osoan zehar. Giroa 16:30ak aldera piztu dute, dortsalaren bila zetozenak motorrak pizten joan zitezen. Haurtxokoaren laguntzarekin, haurrek beren dortsala margotu, zenbait jolasetan aritu eta askaria egin dute. IRUTXULOKO HITZAk bere materiala erosteko postua jarri du eta antolatzaileek ere salmenta gunea izan dute. Lasterketaren ondoren, opari eta sari banaketa amaituta, talde argazkia egin dute plazan bildutako guztiek eta .Exe taldearen kontzertuarekin ospatu dute lehen hamarkada.
Arratsaldeko argazki bilduma jarraian.








































































































































































