Bananas desegin dute

Hiru lan argitaratu eta kontzertu ugari eman ondoren, Bananas talde donostiarrak agurra iragarri du: “Gure amaiera iragartzera gatoz, azal urdina soinean, garun ta eztarriak ondo hustuta, errekak nola, guri ere aurrera egitea tokatzen zaigulako”.
Boskoteak gaineratu duenez, “plazer handia izan da bidean jende eta toki berriak ezagutzea, zaharragoekin eta aspaldiko lagunekin berriro elkartzea eta batez ere, bizitzako garai hauetan sentitutakoei doinua jartzea”.
Duela gutxi plazaratu duten King George abestiaren moldaketa “ederra” da haien azken emaitza.
“Ez da azken kontzerturik izango, oroitzapen ederren kutxa goraino beteta goaz, bertsio berezi honekin, kantu batekin, hasi ginen bezalaxe”, nabarmendu dute.