Xabin Fernandezek irabazi du Audiogile Berriak egitasmoaren bigarren edizioa

Tabakaleraren eta EITBren eskutik euskarazko soinu fikzioa sustatzea helburu duen Audiogile Berriak egitasmoaren bigarren edizioaren irabazlea izan da Xabin Fernandez Zubeldiaren “Zure Ilunetan”. Aukeratutako lanak 30.000 euroko aurrekontua izango du ekoizpenerako.
Igogailu batean harrapatuta geratzeak sortzen duen tentsio guztia islatu nahi du “Zure ilunetan” lanak. Horretaz gain, izaki misteriotsu batzuen lekukotzak dena hankaz gora jarriko du. Zientzia fikziozko kontakizun hau bost ataleko soinu-fikzio bilakatuko da.
Bigarren postuan gelditu da beldurra, suspensea eta umore beltza tartekatzen dituen Jon K. Sanchezen “Zure eskaera, prest!”, eta hirugarrenean, berriz, misterio kutsua duen “Kurruka Enea”, Gaizka Sarasua eta Iraia Irazustarena.
“Zure ilunetan” proiektu irabazleari buruz epaimahaiak esan du “genero honetako adibide bikaina dela, narratiba-egitura entzutezko euskarrietarako bereziki pentsatua baitago, eta entzulea esperientzia sentsorial eta bizian murgiltzen baitu lehen segundotik bertatik”.
Audiogile Berriak ekimenaren bigarren deialdira aurkeztutako lan guztietatik hiru audio gidoi proiektu hauek (bideragarritasun eta kalitate aldetik onenak) lantzeko eta gidoi bilakatzeko laguntza izan dute. Prozesu horretan, banakako tutoretzak izan dituzte Katixa Agirre eta Jose A. Perez Ledo idazle eta gidoilarien eta Haritz Lete musikariaren eskutik. Halaber, Tabakalerako ikus-entzunezko laborategian hiru hilabetez lanerako lekua izan dute; 2.000 euroko diru-laguntza proiektuak garatzeko (Tabakaleraren kontura), eta prestakuntzako eta gidoia garatzeko bi egonaldi.
Lehen edizioan Xabier Payaren “De Rigor Mortis” izan zen hautatutako lana, Garazi Urkola eta Hodei Arrastoaren “Enkantea” beste lan finalistarekin batera. Entzungai ditugu biak EITBren GUAU audio plataforman.