Artikutzako presaren zati bat eraisteko 1,6 milioi euro jarriko ditu udalak

Donostiako Udalak Artikutzako presa partzialki botatzeko proiektua onartu du. 1.599.389 euroko aurrekontua zehaztu dute lizitaziorako, eta lanak egiteko zazpi hilabeteko epea ezarri dute.
“Proiektu hau ingurune natural honen ingurumenaren berreskurapenaren parte da, urtegiak hiriko ur hornidurako gune gisa duen funtzioa galdu ondoren”, azaldu du Eneko Goia alkateak.
Artikutza izenez ezagutzen den arren, urtegiaren benetako izena Enobieta da. Donostiaren udal iturria izan zen 1960tik 1976ra. Urte horretatik aurrera, Añarbeko urtegia zerbitzuan jarri zenez, ez zen ia erabiltzen, eta 1992an puntu horretatik ur hornidura behin betiko eten egin zen.
Presaren etorkizunerako aukera posibleak aztertu ondoren, eta guneak ingurumenean eta biodibertsitatean duen garrantzia kontuan hartuta, 2022an presaren zati bat eraistea erabaki zen, ingurumenaren eta ekonomiaren ikuspegitik irtenbiderik onena delakoan.
Egin beharreko lanak bi dira, eta biak aldi berean egingo dituzte. Batetik, Enobieta errekastoaren ibilguan hormigoizko markoa enkargatuko dute, eraiki ondoren jartzeko, presatik ibaian gora. Bestetik, presaren zati bat eraisteko eskotadura egiten den zonako goi zubia eraitsi eta berriz jarriko dute.