Bretxako merkatuan zazpi gune jarriko dituzte ekintzaileen eskura
EKINN Dendak Merkatua programaren deialdia abian da, hiru eta sei hilabete arteko lagapenak izango dira

Donostia Sustapenak irailetik kudeatzen du Bretxako merkatua eta merkataritza gunea. Ekonomia eta Tokiko Enplegu zinegotzi Ane Oiarbidek adierazi duenez, EKINN Dendak Merkatua egitasmoarekin, dinamizazio prozesu bat gauzatu nahi du, merkatu tradizionalek egun dituzten erronkei irtenbidea emateko, hala nola, “belaunaldi erreleboa, merkatuaren lehiakortasuna hobetzea eskaintza zabalduz, gazteak merkatura hurbiltzea”, bai tokiko bai merkatuaren nortasuna mantenduz.
Tokiko merkataritza balioetsiz, merkatu tradizionaleko eremuak berritu, ekintzailetza eta enplegua sustatu eta berrikuntzaren aldeko apustua egin nahi dute arduradunek. Horretarako, ikusgarritasuna duten lekuez gain, aholkularitza eta prestakuntza berezitua eskaintzen die partaideei marketina, digitalizazioa, jasangarritasuna edota bezeroaren arretari buruz.
Aurkezpenean Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritza sailburuorde Jakes Aguirrezabalek nabarmen duenez, “tokiko merkataritzan belaunaldi-erreleboaren beharra izugarria izango da datozen urteetan, eta lekukoa hartzeko prest dauden gazte ekintzaileei bidea erraztuko dieten proiektuak behar ditugu. EKINN Dendak Merkatua programak bat egiten du helburu horrekin modu praktiko eta eraginkorrean, horregatik babesten dugu proiektua “. Ekintzailetzari buruz gazteak sentsibilizatu eta pausoa ematera ausartzen direnak babestea “ona” bada ere, gero produktuak testatu eta dendak ireki egin behar direla gogortu du Aguirrezabalek, eta hain zuzen ere, horiei erraztasunak eman nahi dizkietela programa honen bidez. “Saiakerak gaseosarekin egin eta akats tarte bat dute, eskaintza egokitzeko ilusioa galdu gabe”.
Bi adibide
Ordezkari politikoez gain, EKINN Dendak egitasmoaren aurreko deialdiei esker pertsiana altxatzeko aukera izan zuten bi ekimenen arduradunek ere hitza hartu dute. Hain justu, Atxotxa plazako saltokia partekatu duten Moirss arropa marka eta Xeita Kitchen Tools proiektuena.
Maribel Olazabal eta Itziar Rekalde donostiarrek beste lan bat dute eta jolas moduan hasi zuten Moirss. Oinarrizko ideia eta lehen kamisetak besterik ez zituztela sartu ziren programan. “Errealitatearekin talka egin dugu”. Proiektua forma hartzen ari da eta oraingoz prozesuak “asebete” egiten ditu eta jolas moduan bizi dute.
Aitortu dutenez, orain arteko bidea errazagoa egin zaie, kudeaketarekin eta enpresaren sorrerako guztiarekin lagundu dietelako. Olaizolaren hitzetan, “luxua izan da. Aukera eman digu produktuak testatzeko; gidatzeaz gain, lagundu egin diguzue hasieratik: pertsiana altxa aurretik eta ondoren ere”. Formakuntza egin zuten eta arlo desberdinei buruz ikasi zuten. Horri esker, prozesuak nola jarraitu eta zein diseinu hobeak izan zitezkeen kokatzen joan ziren; eta dendak, aldiz, aukera eman zien dena lerrokatu eta azken produktuari buruz jendearen iritzia ezagutzeko. Izan ere, lehen linea bertan probatzeko aukera izan baitzuten.
Xeita Kitchen Tools-en arduradun Ainhoa Ariasek, aldiz, labanak diseinatu eta ekoizten ditu, haiek zorrozteko zerbitzua eskaintzeaz gain. 2022an sortu zen proiektua, gustuko dituen zenbait gauza lotuta. “Bartzelonan aizto denda batean lan egiten nuen eta labanen munduaren zalea naiz, asko kozinatzen dut, diseinatzailea naiz…”, azaldu du. Proiektua gauzatzeko laguntza bat eskatu zuen Donostia Sustapenean eta EKINN Dendak-en deialdiaren berri izatean, saiatzea erabaki zuen, aukerarik ez zuela pentsatu arren.
Ariasen ustez, gunea partekatuta elkarrengandik ikasi eta elkarri babesa emateko aukera izan dute. “Maribelek, Itziarrek eta nik 2o bat urteko aldea dugu. Beraiek bizitzan nik baino eskarmentu handiagoa dute eta nik ezagutza tekniko gehiago izan ditzaket. Taldean asko lagundu diogu elkarri”. Horrez gain, ikusgarritasun handiagoa ere izan dutela sinetsita daude hiruak. Izan ere, “gure produktuak ikustera sartzen baziren, besteenak ere ikusten zituzten, eta alderantziz”, zehaztu du Olaizolak.
Zenbait ekintzaileren artean lokal bat hartzen saiatu dira, Rekalderen esanetan “taldea egin eta elkarrekin jarraitu” nahi zutelako. Saiatu dira Donostian, baina alokairuak “gehiegizkoak” direnez, bi bazkideek Usurbilen bulego bat hartu dute, bertan gutxieneko ekoizpena egin eta online saltzeaz gain, proiektuarekin jarraitzeko. Arias, aldiz, Ategorrietako coworking batean dago. “Gustatzen zait kalean egotea, baina alokairuen prezio horiekin ezinezkoa da”. Harremana dutenez, akaso, etorkizunean berriro saiatuko dira.
Programaren informazio guztia hemen dago eskuragarri.
EKINN Dendak
EKINN Dendak Merkatua Donostia Sustapenak hiri ekonomia indartzeko duen estrategiaren parte da, erakundearen Berrikuntza Planaren ardatz garrantzitsuenetako bat. Izan ere, Planaren 6 milioi euroetatik 2,5 milioi hiri-ekonomia bultzatzeko erabiliko dira, Bretxako merkatua suspertzeko, bereziki.
Azken Barometroaren arabera, merkataritzak tradizio handia du Donostian; 2.418 txikizkako saltoki ditu gaur egun, eta 8.547 lanpostu sortzen ditu (hiriko enplegu guztiaren % 8,7), hau da, udal BPGaren % 5,6.
2024an, Sozietateak 2,1M € bideratu zituen ekintzailetzara, 229 proiektu ekintzaile berritzaile babestuz eta arreta emakume eta gazteengan jarriz, Ekinn+, Inkubagailua eta zuzeneko laguntza ekonomikoak bezalako programen bidez.