Hirigintza, hiriak eraldatzeko eta bizitza hobetzeko tresna
Donostiako hiri ereduaz, orain arte garatutako hirigintzaz eta hiriaren erronkei aurre egiteko aukerez luze eta zabal mintzatu ziren Angel Martin, Sebastia Jornet eta Patxo de Leon hirigile adituak. GI-20aren eraldaketa eta Auditz Akular izan ziren eztabaidagai nagusiak.

Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak antolatuta, Hiri Eredua: Donostia-Gipuzkoa 2035 mahai ingurua egin zuten joan den astean EHUren Ibaetako campuseko Arkitektura Fakultatean. Izaskun Aseginolazak gidatuta, luze eta zabal aritu ziren hiru hirigile aditu: Angel Martin arkitektoa eta Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko Hirigintza eta Lurralde Antolamenduko katedraduna; Sebastia Jornet arkitekto hirigilea eta Donostiako hiri antolamenduko plan orokor (HAPO) berriko aurrerakin dokumentuaren zuzendaria eta Patxo de Leon arkitekto hirigilea. Bakoitzak hamabost bat minutuko hitzartze bat egin zuen lehenik, eta eztabaidarako tartea ireki zuten ondoren.
Martinek ireki zuen mahai ingurua, eta Gipuzkoako hirigintzaren errepaso historikoa egin ostean, hiri planeamendu on batek eta HAPOaren berrikuspenak ekarri ditzakeen aukerak goraipatu zituen: “Hiri planeamenduaren gaitasunak kontuan izan behar ditugu, hiriak eta hirietako bizitza hobetzeko”. Horrela, auzoen “bigarren hiriari” arretaz eta tentuz erreparatu behar zaiola nabarmendu zuen, “horrela bigarren hiri horretako zein erdiguneko bizitza hobetu daitekeelako”.
Ildo horretatik, HAPOaren aurrerakinak jasotzen duen planteamendu bat ekarri zuen hizpidera, GI-20 saihesbidea eraldatzearena, ondo landuz gero, oso aukera ona dela uste baitu: “Intxaurrondo Urumeako ibarretik 300 metrora gelditu daiteke horren bidez, Intxaurrondo auzoa bera hobeto komunikatu daiteke eta Larratxoraino heldu daitezkeen espazio berriak lortu daitezke”.
Jornetek, bestalde, etxebizitzaren arazoan jarri zuen fokua, bereziki, etxebizitza babestuen gabeziaren arazoan —Donostian, 3.821 etxebizitza daude babes iraunkorreko kalifikazioarekin, parke osoaren %4 inguru—. Jornetek gogorarazi zuen hogei urteko epean etxebizitza parkearen %20 babestua izateko helburua ezarri duela Espainiako etxebizitza legeak (2023koak), eta Donostia, noski, ehuneko horretatik “oso urrun dagoela”. “Nola lortu etxebizitza babestuak? Hirigintzatik, hiru modu daude: erreserbak, lurren kalifikazioak eta eskuratzeak”, azaldu zuen Jornetek.
Erreserben arloan —hirigintza garapen berri bat planteatzen denean, etxebizitza kopuru jakin bat etxebizitza babestuetara bideratzea—, Donostia eta, oro har, EAE “ondo” dabiltzala esan zuen, “estatuko beste toki askotan baino askoz hobeto landu direlako erreserbak”. Horrekin, ordea, “ez da %20 horretara heltzen”. Bestalde, eskuratzeak desjabetze bidez egin daitezke eta 2015eko EAEko etxebizitzaren legeak kasu batzuetarako aukera hori mahai gainean jartzen badu ere, ez dago desjabetzeen tresna erabiltzeko asmo argirik erakusten duen alderdi politikorik, ez Eusko Legebiltzarrean eta ez Donostiako Udalean.
Beraz, kalifikazioan jarri zuen fokua Jornetek: “Ada Colau ausartu zen Bartzelonan, 600 metro koadro sabai eraikigarri bakoitzeko, %30 babestu gisa kalifikatzera. Etxebizitza babestu ugari lortu daitezke horrela”. Eta, kalifikazioaren bidez egin daitezkeen esku hartze zehatzak ere jarri zituen mahai gainean: “Bizitegi zuzkidura handiak egin daitezke, beheko solairu ez komertzialak etxebizitza babestu gisa kalifikatu daitezke, etxebizitza handiak zatitu daitezke, eraikinen altxaerak egin daitezke oraindik eta dentsifikazio eta intentsifikazio soziala aztertu behar dira, betiere, dagoeneko eraikita dagoena hobeto aprobetxatzeko helburuarekin”.
Hirugarrenik, De Leonek hartu zuen hitza, eta erakunde publikoen jarduna kritikatu zuen: “Administrazioak, urteotan guztiotan, ahaztu egin dira etxebizitza eskuratzeko eskubidea bermatzeko agindu konstituzionalaz, pentsatu dute horri ekimen pribatuak erantzungo ziola. Arazoa oso atzetik dator, dagoeneko XIX. mendean Engelsek esan baitzuen ekimen pribatuak ez diola etxebizitzaren arazoari erantzuten. Sozialdemokraziak serio hartu zuen gaia XX. mendean, eta horregatik ditugu orain Vienaren (Austria) moduko ereduak, non etxebizitzaren arazoa askoz txikiagoa den. Ildo horretatik, Donostiako azken hamarkadetako agintariak ere gogor kritikatu zituen, hala nola, Ramon Labaien: “Behin, esan zigun Donostiak Kantauriko Monaco izan behar zuela, eta bere gainera bota ginen. Baina irabazten ari da eta zaila izango da hiria horretan ez bihurtzea, sektore askoren interesen aurka baitoa”.
Horrela, HAPOaren aurrerakin dokumentua gogor kritikatu zuen: “Tamalgarria da, bere osotasunean”. “1995eko HAPOaren luzamendu bat” dela gaineratu zuen, baita “proposatzen dena proposatzeko” plan berri bat egin beharrik ez dagoela salatu ere.

Angel Martin, Sebastia Jornet eta Patxo de Leon hirigileak, mahai inguruan, EHUko Arkitektura Fakultatean.Beñat Parra
GI-20a eztabaidagai
HAPOaren aurrerakin dokumentuaren kritiken barruan, GI-20 saihesbidearen eraldaketaren planteamendua kritikatu zuen, bereziki, De Leonek. Saihesbidea eraldatzearekin, ibilgailu motordunei espazioa kentzea eta oinezkoentzako zein etxebizitzak eta ekipamenduak eraikitzeko espazioak irabaztea planteatzen du aurrerakinak, saihesbidea hirian gehiago integratuz. “Bulebarizazioen” aurka agertu zen De Leon, argi eta garbi, baita nabarmendu ere GI-20ak Donostia “salbatu” zuela, “lehen, kamioiak hiriaren erditik pasatzen zirelako”. “Planteatzen da eraldaketa, baina inork ez daki zenbat balio dezakeen horrek, ez ezer”, gaineratu zuen.
Argi egin zion aurre, ordea, Jornetek: “Autobidea hiritik atera behar dugu. Kontuak egin genituen eta eta egin daiteke, hiria eraberrituz; hiri honen eginbehar bat da”. Ildo beretik jo zuen, baita ere, Martinek: “Ez da GI-20a bere horretan bota behar, ezta osorik bulebarizatu ere, baina birgaitu daitezkeen lur asko daude, batez ere, Intxaurrondoko eremuan esku hartuz, zona hori Urumeako ibarrarekin hobeto konektatzeko eta auzoa bera hobeto konektatzeko”.
Era berean, saihesbidearen eraldaketarekin, eremu horretan “denetik” sartzen dela nabarmendu zuen Martinek: “Etxebizitzak, zuzkidurak, espazio libreak… Ez da bideraezina; egin daiteke, baina dirua kostatuko du, noski”. Ildo horretatik, ikuspegi zabalagoen alde egin zuen hirigileak: “Nahikoa da jarraikortasuneko irtenbideak planteatzeaz!”.
Auditz Akular, bai ala ez?
Aurrerakinak jasotzen duen beste planteamendu bat Auditz Akular Altzako berdegune handian 3.000 etxebizitza eraikitzekoa da, gehien-gehienak babestuak. Odon Elorza alkate zen garaiko proiektua da —Jorge Letamendia orduko Hirigintza zinegotzia ikusleen artean zegoen, eta, amaieran, mikrofonoa hartu eta bertan milaka etxe eraikitzearen aldeko hitzartze sutsua egin zuen—, Altzan, bereziki, kontrakotasun handia sortzen duena. Hain zuzen ere, aurrerakinak, Europako irizpideei jarraiki, hiria dagoeneko eraikitako guneetatik harago gehiago ez hazteko apustu garbia egiten du, Auditz Akularreko “salbuespen bakarrarekin”. Hain justu, Auditz Akular izan zen mahai inguruaren azken zatiaren eztabaidagai nagusia.
De Leonek nabarmendu zuen “ulertzekoa” dela Altzan kontrakotasuna sortzea proiektuak, “hamarkada luzez auzo hori hirigintza ikuspegitik nola tratatu duten ikusita”, baina bertan eraikitzearen alde agertu zen: “Hazteko gelditzen den aukera bakarra da eta, gainera, etxebizitza babestu ugari egitea ahalbidetzen du”. “Proiektu on bat planteatu behar da, Altzari planteatzeko modukoa horren bidez Altza berreraikiko dugula, hirigune berri bat eraikiko dela bertan, bertan bizitzeko gogoa piztuko duena”.
Auditz Akularren ez eraikitzearen alde agertu ziren, aldiz, Martin eta Jornet; edo, behintzat, horrenbeste ez eraikitzearen alde: “Auditz Akularren hiri mailako ekipamendu bat planteatzen dugu, Altza benetan hiriaren parte izan dadin”, nabarmendu zuen Jornetek, baita kritikatu ere 2010eko HAPOak hirian eraikitzekoak ziren etxebizitza babestuen “%80” Antondegin —dagoeneko alde batera utzita dago bertan eraikitzea— eta Auditz Akularren eraikitzea planteatzen duela, “hain zuzen ere, ekialdean, etxebizitza gehiago behar ez diren eremuan”.
Martinek, zentzu horretan, Donostiako etxebizitzaren arazoari eskualde edo metropoli ikuspegitik heldu behar zaiola defendatu zuen: “Auditz Akular ez da hazteko azken eremua, inguruko udalerriekin kontatu behar dugu, eta aztertu gehiago hazi behar garen edo ez. Gainera, kontrakoa dioten arren, Auditz Akular osoa ez da urbanizagarria, akaso zati batzuetan eraiki daiteke, baina zergatik ez indartu beste zati batzuetako nekazaritza izaera?”.
Arazo eta erronka konplexuentzako irtenbide sinplisten aurrean, irtenbide konplexu eta mamitsuagoak ekarri zituzten hizpidera adituek, bi ordu luzeko mahai inguruan, are gehiago luzatu zitekeena. Izan ere, serio hartzeko gaia da hirigintza, horren bidez jendearen eguneroko bizitza hobetu daitekeelako. HAPOa berrikusten ari diren honetan, herritarren zerbitzura egongo den hirigintza eredu bat garatzeko aukera paregabea du Donostiako Udalak, mahai inguruan argi gelditu zenez.