Joan Miroren eskultura bat izango da hurrengo nabarmendutako obra San Telmo Museoan
'Tête' eskulturarako egindako igeltsuzko modeloa maiatzaren 27tik urriaren 19ra egongo da ikusgai arte historikoaren aretoan eta Maria Bolañosek “El otro Miró” hitzaldia eskainiko du.

Joan Mirok Tête eskulturarako egindako igeltsuzko modeloa izango da hurrengo Nabarmendutako obra, maiatzaren 27tik urriaren 19ra arte ikusgai egongo dena San Telmo Museoko arte bilduma historikoaren aretoan.
Lana 1978 inguruan egin zuen, 111 x 67 x 25 cm neurriak ditu eta bilduma partikular batetik etorri da. Adierazi dutenez, Miro “ezezagun eta bakana, salbuespenez gordetakoa” ikusten da hemen. Igeltsuan egindako lan bat da, eta sormen-prozesuaren bitarteko fase bati dagokio, lan erabat behin-behinekoa eta “ezinbestean suntsitua edo ahaztua” izateko sortutakoa omen da. Eredu horretatik abiatuta, obraren handiagotze bat agindu zuen egileak, behin betiko obra brontzean moldatzeko baliagarria izango zena, 1978. urtean.
Berandu sortu zen Joan Miroren eskulturarako bokazioa, 1944. urte inguruan, mundu gerra betean. Ordutik aurrera, “pasioz” ekin zion arte horri, eta bere pintura bezain poetikoa izan zen, baina desafiatzaileagoa den. “Inspirazio mirotarraren barrena erakusten digu eskaiola honek: artistak eguneroko gauzengatik zuen amodio frantziskanoa, goxoki baten bilgarriarekikoa, esate baterako”.
Gaian sakontzeko, Maria Bolaños ikerlari eta irakasleak hitzaldia eskainiko du gaur, maiatzak 27, 19:00etan.