«Manteoko irisgarritasuna hobetzeko, prest gaude ekarpenak aztertzeko»
Eneko Goia alkateari Nafarroa etorbideko eskailera kentzearen inguruan galdegin diote.

Nafarroa etorbidea eta Manteo kiroldegia lotzen dituen eskailera multzoa eraistear dira. Bizilagunek mantentzeko eskatu arren, kendu egingo dituzte. Egoera horren aurrean, Donostiako Udalak zer egingo duen galdegin diote gaur Eneko Goia alkateari. Eskaileren aferak eragindako “kalteak” onartu ditu, eta protestak egiten ari diren auzotarren kezkak “ulertzen” dituela esan du.
Horrela ere, Manteoko irisgarritasuna “nabarmen hobetuko” dela adierazi du: “Hiru puntu daude irisgarritasuna hobetzeko. Okendo Kultur Etxearen eta GOe eraikinaren artean sortuko den plazan eskailera multzo berri bat eta igogailu bat eraikiko dira. Bestalde, Rodil pasealekuan, espaloia zabalduko da, eta, orain, behin-behineko aldaketa batzuk egin dira”.
Dena dela, zergatik ez da mugikortasun alternatibarik eraiki eskailerak eraitsi aurretik? Horren inguruan, Goiak hauxe esan du: “Gauza bat kendu eta beste bat jarri arte, horrelako eragozpenak sortzen dira”.
Bizilagunen beste eskaeretako bat da auzoko mugikortasuna eta irisgarritasuna haiekin adostea udalak. Alkatea prest agertu da auzotarrekin elkartu eta proposamenak jasotzeko: “Manteoko irisgarritasuna hobetzeko, prest gaude ekarpenak aztertzeko”.